'Iufi!' bideopodcasta estreinatu dute Iban Garciak eta haren ama Maite Azpiazuk
Iban Garcia instagramer ezagunak eta haren ama den Maite Azpiazuk Iufi! izeneko podcasta eta bideopodcasta jarri dute martxan. Azkoitiko ama-semeek, bizipenetatik abiatuz, umoretik aztertuko dituzte eguneroko gaiak: sare sozialak, maitasuna, bizilagunekiko harremanak… Hamabi atal izango ditu eta atal bakoitzean gai jakin bat aztertuko dute. Horretaz gain, gonbidatuak izango dituzte gaian sakontzeko.
Ama-semeak Maiteren kontsultorioa ere sortu dute, bideopodcastaren jarraitzaileek izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Ibanen sekretuak eta Ez badakizu, galdetu sailak ere izango dira bideopodcastean.
Lehenengo atalean, maitasunaren gaia landu dute ama-semeek: Zer da maitasuna? Nor maitatu dezakegu? Iban sekula maitemindu al da? Maitek atzera egiterik izango balu, aldatuko al luke zerbait?. Mikel Perez Artola entrenatzaile pertsonala eta Conquis reality-ko irabazlea izan da atal honetako gonbidatua. Gainera, Maitek bere kontsultorioko ateak zabaldu dizkie jarraitzaileei, haien zalantzak entzun eta erantzuna emateko asmoz.
Iufi! podcasta Klixka Mediak ekoitzi du EITB Podkast-entzat. EITBPodkasten ez ezik, Gaztearen YouTube kanalean ere jarraitu ahal izango da.
