Itzultzailea bazara, interesatzen zaizu!

Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria martxan da! 2015. urtean sortu zuten, jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko.
Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura-lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2017. urtean argitaratutakoa izatea. Eskabideari dagokionez, itzultzaileak berak, argitaletxeak edota liburugintza, literatura edo itzulpengintzaren arloko beste eragile batek egin dezake.
4.000 euroko sari bakarra emango dute, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatzekoa. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanarekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.
Hautagaiak aurkezteko epea ekainaren 29ra arte egongo da zabalik, eta sarituak nortzuk diren urriaren 1ean emango da jakitera, Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunaren biharamunean. Epaimahaia berriz itzultzaile profesional batek eta Etxepare Euskal Institutuko eta LABORAL Kutxako ordezkari banak osatuko dute.
Interesatzen zaizu? Ikusi hemen oinarriak.