Itzuli konpainiaren 'Oihana' antzezlana estreinatuko dute Angelun igandean

Baionako Itzuli konpainiak, Atx Teatroarekin eta El Punto Gunea-rekin batera, ekoiztutako Oihana antzezlana aurkeztuko dute Angeluko Quintaou gelan igandean, hilak 6, 15:00etan. Antzerkia eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna da, transmisio eta identitatearen eraikuntzari buruzkoa, zientzia fikzioa eta sorginkeria baliatzen dituena. Ordubeteko iraupena duen lana da, hamar urtetik gorakoei zuzendua, eta sortzaileek adierazi dutenez, "ibilbide errituala da, erdigunean feminismoa, elkartasuna eta maitasuna" pausatzen dituena.
Etorkizun hurbil batean, Oihana, Lur bere amarekin eta Argia bere amatxirekin bizi da. Mendeetan zehar, jakintzak eta ohiturak familiako emakumeen artean transmitituak izan dira dantzaren bitartez, baina katea moztu egin da. Oihana ez da gai hizkuntza hau eta dakartzan sekretuak ulertzeko. Gau batez, ametsetan bidaia dezakeela ohartuko da Oihana. Ordutik, ausardiaz eta kuriositate haundiz, bere iragana deskubritzera abiatuko da eta, honekin batera, hizkuntza misteriotsu hau hitz egiten duten emakumeak ezagutzera: sorginak.
Maryse Urrutyk zuzendu du obra eta Mathias Goyeneche arduratu da zuzendaritza teknikoaz. Eneko Gilek egin ditu koreografiak eta Paula Olazek soinu espazioa eta musika. Barbara Rivas, Arantxa Hirigoyen, eta Joana Olasagasti dira antzezlaneko aktoreak.
Antzezlanaren abestia ere sareratu dute, Paula Olazek musikatua eta Martin Antxiak idatzia. Maryse Urrutyk jarri du ahotsa, eta koruak Alaia Berhonde, Maialen Berra Zubieta, Sandra Lizarralde Papon, Madda Luzzi, Kattina Martin, Sandrine Mounier, Idoia Negrete Perez, Paula Olaz Moratinos, eta Sandra Urrutyk egin dituzte.
Angeluko estreinaldia igandean izango da, baina beste emanaldi bat ere egingo dute bertan, otsailaren 8an, 20:00etan. Emanaldi gehiago ere egingo dituzte datozen hilabeteetan, hala nola, martxoaren 2an Hendaiako Mendi Zolan Kulturgunean, martxoaren 12an Donapauleko Saint Louis gelan, eta maiatzaren 14an eta 15ean Donostiako Antzoki Zaharrean. Horretaz gain, eskoletako ikasleentzako ere egingo dituzte saioak.
Antzezlanari buruzko dosierra hemen irakur daiteke.