ITZIARREN SEMEAK: “Egun jendeak ez du pazientziarik disko bat osorik entzuteko”

ITZIARREN SEMEAK: “Egun jendeak ez du pazientziarik disko bat osorik entzuteko” Diskoa labean sartu berri du Itziarren Semeak talde mungiarrak. Bi urte ibili dira eszenatoki batetik bestera saltoka, eta munduko txokoetan bildutako esperientziekin abesti berriak sortzeko grina piztu zaie. Ibon Altuna abeslariak kontatu dizkigu otsaila amaieran erdituko duten proiektu berriaren nondik norakoak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/itziarren-semeak-201cegun-jendeak-ez-du-pazientziarik-disko-bat-osorik-entzuteko201d/@@download/image/labean.jpg
2017/01/31
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Diskoa labean sartu berri du Itziarren Semeak talde mungiarrak. Bi urte ibili dira eszenatoki batetik bestera saltoka, eta munduko txokoetan bildutako esperientziekin abesti berriak sortzeko grina piztu zaie. Ibon Altuna abeslariak kontatu dizkigu otsaila amaieran erdituko duten proiektu berriaren nondik norakoak.
ITZIARREN SEMEAK: “Egun jendeak ez du pazientziarik disko bat osorik entzuteko”

Disko berria sukaldatzen hasi zarete; nola doaz prestaketa lanak?

Estudioan sartu berri gara, eta oraindik frogetan gabiltza, abesti definitiboekin hasi aurretik. Oraindik lan dezente falta zaigu egiteko, eta berriro lokalera bueltatuko gara hainbat egunetan, lana fintzeko. Behin eta berriz errepikatzen den lan prozesu batean murgildurik gaude; lokalean entseatu, abestiei forma eman, eta buelta estudiora, soinu frogak egin eta pixkanaka disko berria osatuko duten soinuak definituz.

Nola antolatu duzue sormen lana?

Egia esan, gure lan egiteko modua nahiko automatikoa da; astearte eta ostiral bitartean egunero biltzen gara lokalean, zuzenekoak prestatu, eta tartea dagoenean, diskoaren abesti berriei buelta bat ematen diegu. Manex gitarrajoleak ideia berriak botatzen ohi ditu, eta hari horri tiraka, oinarria eraikitzen goaz.

Izenik ba al du jaiotzear dagoen proiektu berri horrek?

Ideiak baditugu, baina oraindik ezin dizkizut esan! [Barreak]. Erabaki gabe dugu, baina laster izendatuko dugu.

Zenbateko garrantzia du disko baten izenarekin asmatzeak?

Diskoaren izena ona bada hobe, balio erantsi bat ematen diolako eta horrek jendea gehiago erakartzeko aukerak handitzen ditu; baina nire ustez, garrantzitsuena kalitatezko musika egitea da. Izenak barrukoaz hitz egin behar du, interesa piztu behar du; baina ez da ezinbesteko elementu bat. Abestiak, horiek dira garrantzia dutenak.

Eta noiz erdituko duzue?

Otsailaren amaiera aldera, edo martxoan beranduenez; indartsu hasiko dugu urtea!

Ze itxura hartuko du?

Apur bat lasaitu gara disko berrian, eta aurreko lanarekin alderatuta, argiagoa dela esango nuke. Gure lanetan ska ilun bat entzuten da, distortsio askorekin; oraingoan ordea, soinuak ez dira horren bortitzak izango. Taldea ezagutzen dutenek segituan atzemango dute ildo beretik gabiltzala, eta gure estiloari leial izaten jarraitzen dugula.

Berritasunik izango ote duen aurreratuko zeniguke?

Abesti ospetsu baten bertsioa sartuko dugu. Urte hasieran Mirentxu Patxaran abestiaren rebertsioa egin genuen, eta kanta horrek hasieratik markatu du taldea, inspirazio iturria izan da guretzat. Bestalde, bertsolarien letraz konposatutako abestiak izango ditugu, eta saxoaren soinua lehen aldiz entzungo da diskoan, nahiz eta zuzenekoetan beti egon den presente. Azkenik, urtarriletik aurrera kolaborazioren bat mugitzen hasiko gara.

Dagoeneko zuen laugarren ‘umetxoa’ izango duzue; zeintzuk izan dira zuen inspirazio iturriak azkenaldi honetan?

Azken bi urteetako esperientzietan aurkitu dugu abesti berriak sortzeko inspirazioa. 2014an Argentina, Txile, AEB, Eskozia, Alemania eta beste hainbat herrialde bisitatu genituen, eta bertako jaialdietan oso talde interesgarriak ezagutzeko aukera izan genuen, batez ere The Interrupters; sekulako soinua dute. Inspirazio iturri ezin hobea izan da guretzat, ska-punk estilo potentea baitute.

‘Revolta’ aurreko diskoa 2014an kaleratu zenuten; ordutik nola aldatu da taldea?
 
Hamar urte daramagu musika egiten, eta egia esan, pribilegiatuak sentitzen gara; ilusio handiz egiten dugu lan, presiorik gabe, ekonomian gehiegi pentsatu gabe. Ez dizut gezurrik esango, salmenta onak beti izaten dira pozgarriak; baina gure helburu nagusia musika egiten gozatzen
jarraitzea da.

Zenbat abesti topatuko ditugu lan berrian?

Hamabi bat sartuko ditugu gehienez. Abesti mordoa dugu entzuleekin partekatzeko, baina ziur asko horietako asko zakuan geldituko dira. Egun jendeak ez du pazientziarik disko bat osorik entzuteko. Zentzu horretan, uste dut argitaletxe eta diskoetxeek ez dutela asmatu kontsumo mota berri horiei aurre egiten.

CD formatuaz gain, bestelako euskarririk probatuko al zenukete?

Nire barneko kontraesan nagusia da hori. Ni CDaren belaunaldikoa naiz; ez dut inoiz binilorik erabili, eta asko gustatzen zait CD formatoa. Disko bat erosi eta goitik behera jarraian entzuten dituen horietako naiz. Horregatik, zaila egiten zait onartzea hori ez dela egun jendeak musika entzuteko duen modua. Entzuleek singleak aukeratzen dituzte, Spotify eta Youtube erabiltzen dute, eta gailuetan haien kanta gogokoenak bildu eta nahastuta entzuten dituzte. Bestalde, nire ustez, egun sekulako saturazioa dago eta ez gara eskaintzen diguten guztia barneratzeko gai. Horregatik, benetan zaila da gure lanak nahi dugun oihartzuna lortzea; bide onena bizpahiru abestitan zentratu, eta horiek asko lantzea da.