Itziar Leemansen 'Ximinoa' film laburrak irabazi du aurtengo Huhezinema
Joan den ostiralean egin zuten Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren sari banaketa ekitaldia Aretxabaletako Arkupe aretoan. Lan finalisten proiekzioaren ondoren, sari banaketa ekitaldia egin zuten, Kepa Errasti aktore aretxabaletarra aurkezle zela.
Sail Ofizialari dagokionez, Itziar Leemansen Ximinoa film laburrak irabazi du Huhezinema Saria. Epaimahaiaren iritziz, "klase harremanen bortizkerian, Iparraldeko familia burges baten eta haien haurtzainaren unibertsoan maisuki murgildu gaitu". 800 euro jasoko ditu irabazleak. Eneko Sagardoy eta Zorion Eguileorrek lortu dute aktore onenaren saria, "bi belaunaldien arteko oreka eta desorekak filmaren mesedera gorpuzteagatik".
Bestetik, Julen Zubieteren Agur Artzai lanak Hazi Saria jaso du, "desagertzeko zorian dagoen artzain baten erretratu berezia egiteagatik eta zuzendariak filmaren bitartez egiten dion omenaldiagatik". Nytya Lopezen Deadly Draw filma aukeratu dute ikusleek eta Ausart Saria, berriz, Amaia San Sebastianen Normas de higiene-rentzat izan da.
Bideoklip Sailean ere Nytya Lopez izan da garaile, berak zuzendutako Zerua irabazi kantua hautau baitute bideoklip onena, "musika taldeko abeslariak aktore bezala egindako lanagatik eta bideokliparen koreografia eta planifikazioagatik". Erromintxelak taldearen Esperoan kantuaren bideoak lortu du Ikusleen Saria, hau ere Lopezek zuzendua. Aipamen berezia, aldiz, Munlet taldearen Astindu lanarentzat izan da, "euskal ikonografia eta ikus-entzunezko elementuak nahasteko trebetasunagatik eta freskotasunagatik".
Ikasleen Sailean, Mikele Landaren Noizko Basoa izan da garaile, "fikzioa edo dokumental etiketetatik haratago, saiakera-zinema proposamen ausarta proposatzeagatik". Mundukide Saria Unax Alcubillaren Kosmopolita lanarentzat izan da, "hezkuntza eta mobilizazio sozialen emaitzak modu originalean uztartu dituelako".
Irati alvarez, Itziar Juaristi eta Lorea Elorriagaren Beste aldea film laburrak eskuratu du MU Saria, "bertako gertakari historiko ezagun bat beste ikuspegi batetik kontatzeagatik, eta ikus-entzunezko lengoaia modu eraginkorrean erabiltzeagatik". Ikusleen Saria Oier Markotegiren Bakarr¿k ikus-entzunezkoarentzat izan da.
