Itziar Lazkano eta Iratxe Palacios izango dira Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera

Elena Loyo eta Ruth Brito kirolariek, Maria Jose Saez de Cortazar ostalariak, Jaione Prado merkatariak eta Arantza Navarro ikerlariak bota zuten atzo Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaietako txupinazoa, eta emakumeak izango dira protagonista Bilboko Aste Nagusian ere. Itziar Lazkano Setien izango da pregoilaria eta Iratxe Palacios Gana txupinera.
Bilboko Udaleko Jai Batzorde Mistoak Itziar Lazkano Setien aukeratu du abuztuaren 20an, larunbatean, Arriaga Antzokiko balkoitik Aste Nagusiari hasiera emango dion pregoia botatzeko. Aktore eta zuzendari ezaguna Bilbotar Ospetsua ere bada, eta "bere ibilbidearengatik eta kultura eta arte eszenikoak Bilbon eta Bilbotik zabaltzeko egindako ekarpenarengatik" aukeratu dute.
Bestalde, Bilboko Konpartsek Deustuko Tintigorri konpartsako Iratxe Palacios Gana izendatu dute Aste Nagusiko Txupinera. Aurten, zozketa bidez, konpartsa horri egokitu zaio Txupinera izendatzea. Palacios 1986an jaio zen Bilbon, eta Txurdinagan bizi da. Administrari eta zerbitzari lanetan aritzen da, eta zineman edo telebistan figurante lana egitea du gustuko.
Bilboko jaiak abuztuaren 20tik 28ra bitarte izango dira.