Itziar Ituñok Santurzine jaialdiko Serantes saria jasoko du

Bihartik urriaren 16ra bitartean egingo da Santurzine jaialdiaren bederatzigarren edizioa Santurtzin, eta aurtengoan Itziar Ituño hautatu dute zineman lanean ari den pertsona edo erakunde baten ibilbide profesionalari egiten zaion aitortzarako. "Emakume ausart, enpatiko eta solidarioa" dela adierazi du jaialdiak, eta "euskal zinema eta euskara mundu osoan zabaldu duela". Aktore basauriarrak urriaren 16an jasoko du Serantes saria, izen bereko kultur aretoan egingo den itxiera ekitaldian.
Santurzine jaialdiak Ituñoren ibilbide luzea nabarmendu du: "Gaur egun aktore ospetsu eta guztiz maitatua da, bai Euskal Herrian eta bai mundu osoan, telebistako bi telesaili esker: Goenkale eta La casa de papel". Gainera, euskal zinemarekin duen "lotura estua" azpimarratu du jaialdiak, "babes eta laguntza handia eman dio eta". Izan ere, euskarazko hainbat filmetan hartu du parte Ituñok azken urteetan, esate baterako, Loreak (Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, 2014), Errementari (Paul Urkijo, 2017), Hil kanpaiak (Imanol Rayo, 2020) eta Ilargi guztiak (Igor Legarreta, 2021).
Ikus-entzunezkoez gain, antzerkian eta musikan ere aritua da bizkaitarra. Hogei antzezlan baino gehiagotan hartu du parte eta Ingot musika taldeko kide da. Ituñoren ekintzaile izaera ere goraipatu dute, "Amazonas aldean ibili da kooperante eta bertan antzerki tailerrak egin ditu".
Jaialdia bihartik aurrera
Zinema jaialdiak bihar, urriak 1, abiatuko da eta hainbat berrikuntza izango dira aurtengo edizioan. Batetik, ostalaritza lokaletan eskaintzen ziren emanaldiak berreskuratuko dituzte eta, bestetik, bi emanaldi berezi egingo dituzte lehen aldiz Santurtzitik kanpo, bata Galdameseko Montellano auzoan eta bestea Bilboko Uribarrin.
30 film baino gehiago eskainiko dituzte jaialdiaren sei ataletan eta hamar euskal ekoizpen izango dira Euskal Pantailak atalean.
Jaialdiaren atal nagusiak baloratzeko epaimahaiako kide izango dira David Perez zuzendari eta gidoigilea, Lander Otaola aktore eta idazlea, Aitziber Garmendia aktore eta umoregilea, Koldo Zuazua ekoizlea eta Tania da Fonseca argazki zuzendaria.
Programazioaren inguruko xehetasunak jaialdiaren webgunean daude jasoak.