Itziar Ituño eta Ramon Agirreren 'Hobe ixilik' antzezlanaren lau emanaldi izango dira Donostian

Itziar Ituño eta Ramon Agirreren 'Hobe ixilik' antzezlanaren lau emanaldi izango dira Donostian Hainbat gairen inguruan solasean eta eztabaidan aritzen diren bikotea da antzezlanaren protagonista. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/itziar-ituno-eta-ramon-agirreren-hobe-ixilik-antzezlanaren-lau-emanaldi-izango-dira-donostian/@@download/image/jt4WmI6s.jpeg
2023/01/26

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hainbat gairen inguruan solasean eta eztabaidan aritzen diren bikotea da antzezlanaren protagonista.
Itziar Ituño eta Ramon Agirreren 'Hobe ixilik' antzezlanaren lau emanaldi izango dira Donostian

Txalo Produkzioak konpainiaren Hobe ixilik antzezlana ikusi ahal izango da Donostiako Antzoki Zaharrean gaurtik igandera. Ramon Agirre eta Itziar Ituño izango dira aktore lanetan, larunbateko emanaldian izan ezik, orduan Amaia Lizarraldek jokatuko baitu emakumezko aktore protagonistaren rola. 

Bikote bat da antzezlanaren protagonista, solasean, zirika eta eztabaidan aritzen direnak, edozeri buruz: gazta-tarta, patinetea, almorranak, aldaketa klimatikoa, politika, Me Too mugimendua, amatasun subrogatua... Eguneroko kontuak zein gai potoloak izaten dituzte hizpide. Elkarrekin dantza egiten dutenean baretzen dituzte ezadostasunak. 

Honela azaldu dute antzezlanaren muina: "Eztabaida dantzan dago, baina non eta nola eztabaidatzen den beste kontu bat da. Ez dakigu. Gizarte honen arauak konplexuak dira oso. Nork esan dezake zerbait? Noiz? Nori? Eta zer tenoretan? Areago, ustez adierazpen-askatasuna nagusi den guneetan, jada zenbait gauza ezin dira aipatu ere egin. Egunero erabili ohi ditugun hitz arruntetatik hasita, galdera existentzialetaraino eta, zer esanik ez, familiarteko sekretuak baldin badira. Baina esan, dena esan behar al da? Ixiltzea ez al da hobe batzuetan?". 

Salomé Lelouch da obraren egilea eta Ramon Agirrek egokitu du euskaraz. Zuzendari lanetan, berriz, Begoña Bilbao Lejarzegi aritzen da.

Gaurtik larunbaterako emanaldiak 19:30ean izango dira eta igandekoa 19:00etan. Sarrerak hemen eskura daitezke.