Itziar Atienza: "Koldarkeriagatik ez diot lehenago lanbide honi heldu"

Itziar Atienza: "Koldarkeriagatik ez diot lehenago lanbide honi heldu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/itziar-atienza-quotkoldarkeriagatik-ez-diot--lehenago-lanbide-honi-helduquot/@@download/image/20113304061itzi_1361528658.jpg
2011/04/01
elkarrizketa
Testua: Raul Perez Argazkiak: Galder Izagirre
Itziar Atienza: "Koldarkeriagatik ez diot  lehenago lanbide honi heldu"
Itziar Atienza galdakaotarraren aurpegia ezagun bilakatu da azken urteetan, bereziki 'Vaya Semanita' saioan jokatutako rolengatik. Ostegunero ikusleari irribarrea ateratzen dio, edo horretan ahalegintzen da behintzat. Txiki-txikitatik, aktore izan nahi zuen. Barru-barruan desio hori zuen, baina kosta egin zitzaion barrena askatzea.

Gasteiztik Donostiara egiten du bidaia egun askotan Itziar Atienzak bertan prestatzen baitute Vaya Semanita telebista saioa. Miramonen, ETBren egoitzan, elkartu gara berarekin. Ez gara konturatu, baina ez dugu uste Jonanen buga morean iritsi denik. Atetik sartu eta agurtu gaitu. Gu eta beste hainbat lagun. Ezaguna den seinale. Telebistaz hitz egin digu, eta baita antzerkiaz ere.

Interpretazioaren munduarekin zer ikusirik ez duten gaiak ere jarri ditugu mahai gainean. Serio erantzun die galderei, baina irribarre egitea batere kostatzen ez zaion horietakoa dela erakutsi digu. Bizitzan goiz ala berandu nork bere ilusioa edo ametsa gauzatzen ahalegintzea merezi duela. Horixe da Itziar Atienzarekin, hezur-haragizkoarekin, izandako solasalditxoak utzitako lezioetako bat.

Justiziaz eta halakoez egon gintezkeen gaur solasean zurekin, abokatua baitzara...

Bai, izan zitekeen abokatu bati eginiko elkarrizketa. Zuzenbide ikasketak egin nituen Bilboko Deustuko unibertsitatean eta bi urtez praktikak egin nituen Gasteizko Abokatuen Elkargoan. Horren ostean, beste mobida bat gurutzatu zen eta...

Justizia ez al da liburuetan gelditzen, teorian alegia?

Zuzenbideak ez du bilatzen justizia gizakiok bilatzen dugun era berean. Kaleko jendeak nabaritzen duen justizia moralarekin ez du zer ikusirik. Legeak daude, frogatu beharrekoa, probak... Askotan zuzenbideak justizia materiala bilatzen du; zer egiaztatu daitekeen, zer ez eta kalterik gutxien sortzen duen irtenbidea bilatzen du.

Abokatuak eta epaileak aktore onak al dira?

Abokatuentzat konbentzitzeko eta ideiak argi azaltzeko ahalmena eta persuasioa oso lagungarria da. Epaileek askotan ez dute beren burua ondo azaltzen eta ez dute batere ondo idazten. Dena dela, aktore baino gehiago gestore onak izan behar dute, nahiz eta bizitzan denok askotan aktore izan behar dugun.

Euskara teknikari bati eginiko elkarrizketa ere izan zitekeen, eginkizun horretan jardun baitzinen zenbait urtetan Gasteizen. Epaitu ezazu zure burua.

Zuzenbide ikasketak bukatuta, itzultzaile jarduteko beka jaso nuen eta handik sortu zitzaidan euskara teknikari izateko aukera. Bakar-bakarrik hasi nintzen, lan ikaragarriari aurre egin behar izan nion eta sei laguneko lan taldea osatu genuen. Gasteiz oso hiri erdalduna da, baina nire lan taldearekin eta euskalgintzarekin egindako lanari esker aurrera egiten ari da. Lan talde teknikoak protagonismo handia izan zuen hartutako erabakietan eta euskararen alde eginiko lana nahiko despolitizatua izan zen. Egia da nerabeengan edo gaztetxoengan eragitea zaila dela; euren izaera osatzen den garai horretan gaztetxoek handik eta hemendik xurgatzen dute, eta hizkuntzaren gaia oso eklektikoa da. Baina gerora, oro har, nik uste dut gero eta jende gehiagok egiten duela hautu konsziente hori: "Euskara erabili nahi dut euskarari bizia emateko". Gusturen nengoen mementuan utzi nuen lan hori.

Korrika 17 badator...

Beti hartzen dut parte, baina ez dakit non harrapatuko nauen aurten! Tradizioa izateaz aparte, haren bidez euskararekiko ditugun emozioei bide ematen diegu. Balio handia eman diogu euskarari gure altxorra delako. Euskaraz dakienak jakin behar du hitz egiten ematen diola bizitasuna eta ez dakiena ohartu behar da zer mundu galtzen ari den. Sedukzioaren bidetik jo behar dugu erdaldunengana. Adibidez, niri orain asko gustatzen zait filmak edo telesailak ingelesez ikustea. Lortu beharko genuke erdal munduak galdetzea non dagoen euskarazko bertsio orijinala, ez duelako bikoiztutako bertsiorik nahi.

Zuzenbide ikasketak eginak dituzu eta euskara teknikari aritu zara. Orain baina, aktore lanetan zabiltza. Noiz jo zuen interpretazioak zure atea? Edo, nola jo zenuen zuk interpretazioarena?

Banuen nahiko bizimodu estandarra: nire lana, nire mutil laguna, nire etxebizitza... Baina umetatik nuen halako min bat barru-barruan, aktore izan nahi nuen eta zuzenbide ikasketak egin banituen ere, 30 urte betetzean, gogoeta sakona egin ostean ausartu nintzen. Lehen pausoa Gasteizko antzerki eskolan izena ematea izan zen. Goizean lan egiten nuen eta handik zuzenean eskolara joan eta ordu piloa sartzen nuen. Nahiak eta fedeak ahalbidetu didate une honetan aktore gisa aritzea.

'Vaya Semanita'k ezagun bihurtu zaituela esatea nahiko zuzena da, ezta?

Bai, ezagun samar bihurtu nau, eta gero eta gehiago sumatzen dut jendeak kalean ezagutzen nauela. Hasi nintzenean ez nintzen ezta telebista saio honen ikusle; nire aktore lana aurrera eramateko bidea izan zen, eta ez dakit espero nuen ala ez hainbesterainokoa izatea. Natural hartu dut. Badakit, hala ere, lehen planotik ateratzeko tenorea iritsiko zaidala. Kontuak kontu, gustatzen zaidana egiten ari naiz; aurretik beste lan batzuk egin ditut koldarkeriaz, nolabait esateko, ez niolako lanbide honi heldu nahi.

Barre egiteko ondo moldatzen zara. Baina beste era bateko formatuetan, ikusi al duzu inoiz zure burua? Edo nola ikusiko zenuke?

Vaya Semanitan hasi aurretik nire aktore esperientzia antzerki eskolan ikasitakoa zen. Han bestelako generoak probatu nituen eta gogoa dut beste batzuk probatzeko, ez bakarrik lan esparruan baizik eta prestakuntza esparruan ere. Nola ikusiko nukeen nire burua? Ez dakit; nire burua beste rol bat jokatzen ikusteko gogoa dut.

'Vis comica'rekin jaiotzen zara ala landu daitekeen zerbait da?

Berezkoa da, baina komedia hizkuntza bat da eta tonua, etenaldiak eta isiluneak kontrolatzeak zure alde jokatzen du. Jaiotzez vis comica duenak ez du hori guztia zaindu behar, barrutik ateratzen baitzaio.

"Telebistan lau hilabetez lan egitea antzerkian bost urte aritzearen
parekoa da". 'Vaya Semanita'n ibilitako aktore batek esana da. Ados?
Bi esparru edo hizkuntza guztiz diferenteak dira, baina ados nago: telebistan oso azkar ikasten duzu nahitaez. Master baten parekoa da telebistan aritzea.

'Vaya Semanita' telesaioan oinarritutako antzezlana antzokiz antzoki dabil. Zer moduz oholtza gainean?

Oso pozik gaude; ikusleengandik oso harrera beroa jasotzen ari gara. Antzerkia oso arte adierazpide bizia da, esperimentatu nahi duten aktoreentzat gakoa da. Telebistan gauza asko ikasten dira, baina antzerkiak berezko bizitasuna du.

Duela gutxi Berria egunkariak kaleratutako erreportajeak zioenez, Euskarazko antzerkiak %60 egin du behera antzoki publikoetan 2010ean. Antzerkian bide luze eta oparoa egina duen Maite Agirreren hitzetan erakundeei borondatea falta zaie. Zer diozu zuk?

Maite Agirrek dioen bezala, beti esaten da antzerki mundua krisian dagoela. Antzerkia loratzen ari denean ere, aretoek saltzeko obsesioa dute; hemengo edozein antzokitan Espainian funtzionatzen duten obrak ikus ditzakezu, zirkuituan sartzen dira. Egia da euskarazko antzerkiak ikusle gutxiago erakarriko dituztela, euskal hiztunak gutxiago direlako, baina horrek ez du zertan txarra izan. Ikusle gutxiago daude. Eta? Gu, esate baterako, oso gustura aritzen gara aretoan 500 ikusle daudenean. Baina 100 edo 50 daudenean ere gustura egon behar duzu. Ikusle bakoitzak balio bera du.

Deabruaren abokatuaren txanda da: aurpegi politarekin errazagoa da telebistan azaltzea.

Telebistak irudiak ematen ditu eta bakoitzak izaera osoa dugu, kanpokoa eta barrukoa. Une jakin batean, pertsona politak behar izaten dira, beste batean horren guapoak ez direnak eta beste mementu batzuetan itsusiak ere beharrezkoak dira. Aktore batek bere gorputzarekin jokatu behar du eta bere barruko lanabesekin. Une batzuetan polita izatea lagungarria izan daiteke, baina beste egoera batzuetan traba ere izan daiteke. Logikoak ikusten ditut halako galderak, azken batean kanpoko itxura delako beste pertsona batengandik jasotzen dugun lehena. Hala ere, nik garbi dut nire edertasun fisikoa egunen batean eroriko dela eta beste dohain batzuekin egin beharko dudala aurrera.

Beste ziztadatxo bat: Euskal Herrian programa arrosek arrakasta handia dute.

Ikaragarria da, baina horrela da. Guk ostegunero egiten dugu saioa eta ostiralero jasotzen ditugu audientzia datuak. Tele 5k Gran Hermano eta antzeko saioekin, Salvame adibidez, pilatzen duen audientzia ikaragarria da. Nik uste dut jende asko ez dela jartzen telebista aurrean ikasteko edo zerbait hartzeko, burua txorakeriekin husteko baizik, egun batetik bestera ahazten diren gauzekin. Niretzat jasangaitzak dira Salvame bezalako saioak.

'Vaya Semanita'n ibilitako aktoreetako batzuek telesailetara eman dute jauzia. Buruan duzu hori?

Kalitatezkoak badira, bai. Pelikula batek eta telesailek pertsonaia batekin bidea egiteko parada ematen dizutelako eta hori oso baliotsua da.

Zuk gorpuztutako pertsonaietako bat, Nere, Jonanen neska-laguna, bere bidetxoa egiten ari da.

Barre egin arazten dit (kar,kar, kar). Bat-batean sorturiko pertsonaia izan zen, eta batzuetan hala sortzen direnek ematen dizute gehien. Politena izaten da pertsonaiak berezko bizia hartzen duenean, berezko esamoldeak, ateraldiak... desdoble modukoa izaten denean. Kariño handia diot, bihotza ukitzen dit.

Nerek 'txunba-txunba' atsegin du. Zuk, ordea, beste mota bateko musika nahiago duzu, jazza kasu.

Ez naiz aditua inongo musika estilotan, eta aspaldi ez naiz inongo kontzertutara joan,baina musika mota asko atsegin ditut, eta bai, Gasteizko Jazzaldiko kontzerturen batera joaten ahalegintzen naiz.

[Itziar Atienza Madrilen jaio zen, baina berehala euskal herriratu zen. La Arenara aurrena, Santutxura ondoren, eta azkenik, Galdakaon hartu zuen lur. Oier Zearra pilotaria –urte berekoak dira– eta Igor Anton txirrindulariaren herrikidea da. Ikasketak bukatu eta Gasteizera joan zen behar egitera, eta azken urteetan Gasteiz eta Donostia ditu bizileku]

Nongoa zara?

Galdakaokotzat dut nire burua; Bizkaia nire sentitzen dut. Galdakaoko Elexalde auzoa oso berezia da niretzat; hango institutuan ikasi nuen eta piper egiten nuen askotan... Andra Mari elizaren inguruko larreak, igerilekua eta Rekaldetik gora dagoen basoa datozkit burura. Gasteizein baditut lagunak, bertan bizi naiz, baina ez dut lortzen Gasteizek ni kateatzea.

Non bota dituzu parranda onenak?

Donostian parradaren bat edo beste egin dut, Gasteizen mordoxka bat, baina onenak Galdakaoko eta herrietako jaietan. Elantxobeko garai bateko madalenak bereziki gogoan dauzkat.

Donostian etxebizitza partekatzen duzu lankideetako batzuekin. Aizu, ez al da astuna lankideekin bizitzea?

Oso harreman ona dugu, baina lanarekin deskonektatzea izugarri zaila da, nahiz eta beste hizketagi batzuk mahai gainera atera. Beti lan kontuak ateratzen dira. Aurten esfortzu handiagoa egiten ari naiz Gasteizera joateko lan eguna bukatuta. Iaz 20:00tan amaitu eta hurrengo egunean goizez lan egin behar banuen, ba Donostian gelditzen nintzen, baina aurten autoa hartu eta Gasteizera itzultzen naiz.

Extremadurako telebistarako lantxo bat ere egin zenuen.

Crisis, ¿que crisis? izeneko telesail baterako lokulazioa, off ahotsa alegia, egin nuen, baina hemen bertan, Miramonen bertan aritzen nitzen.

Erantzun iezaziozu zerorrek galdera horri. Krisia, zer krisi?

Lehen justiziaz hitz egin dugu. Nik krisiaren aurrean injustizia sentitzen dut. Ikusten ari gara nora eraman gaituzten agintariek eta banketxeek euren erabakiekin. Irtetzen ari garela esaten ari zaizkigu, baina ez da egia. Gero eta putzu sakonagoan gaude: gero eta jende gehiago dago langabezian, lan baldintzak gero eta okerragoak dira, enpresari eta banketxeentzat bideak errazten ari dira agintariak. Mendebaldeko mundu hau gezurrezkoa iruditzen zait batzuetan, perbertsoa.

Barre egiteko eta barre eginarazteko ez da garai onena...

Bultzada handia eman behar diozu gorputzari. Gure antzerki irakasleak esaten zigun bezala, arazo pertsonalak baldin badituzu edo munduan gertatzen denarekin kezkatuta bazabiltza, ikusleei bost. Duela gutxi, domeka batean ezin lorik hartu ibili nintzen, artega, Japoniako ezbeharraren irudiak burutik kendu ezinik. 07:00etarako, ordea, lanean nengoen eta zortzi ordu eman behar izan nituen mendian. Egia da, era beran, batzuetan lana ihesbidea izan daitekeela.

Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholkularitza batzordeko kide zara. Lehen bilerak hautsak harrotu zituen.

Ez nuen bilera hartan parte hartzerik izan, baina ikusi dut zer nolako polemika izan den. Horrelako taldeak instituzionalak izan ohi dira, ez, ordea, funtzionalak. Euskarak daukan problematika ikusita, espektakulua alboratzeko eskatuko nioke batzorde horri, zirkua egin nahi dutenak zirkura joan daitezela, eta horrelako talde batean baldin badaude lan egiteko izan dadila.

Itziar atienzaren kuttunak:



Filma: Sergio Leoneren Once Upon a Time in America
Diskoa: Vetusta Morlaren Un día en el mundo
Liburua: Muriel Barberyren L"Élégance du hérisson
Platera: Aitaren paella
Liluratu zaituen txokoa: Indiako Hampi hiria