Itziar Alduntzin: "Bigarren eskuko arropekin ere moda jarrai daiteke"

Itziar Alduntzin: "Bigarren eskuko arropekin ere moda jarrai daiteke" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/itziar-alduntzin-quotbigarren-eskuko-arropekin-ere-moda-jarrai-daitekequot/@@download/image/4p34-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Elton John Odriozola
Itziar Alduntzin: "Bigarren eskuko arropekin ere moda jarrai daiteke"
Leitzarra da oinetatik azken ile horiraino. Gautxoria. Txikitatik arrunt pinpirina. Beti glamourrari keinuka. Albondiga, paella eta txipiroiak oso gogoko ditu, amarenak batik bat. Itziar Alduntzin da, Euskadi Gazteko esataria eta Sorginen Laratza telesaioko kazetaria. 

Opari bat egin behar diot lagun bati. Lagun iezadazu: Chanel 5. zenbakia, Petit Cheri -Legrain- ala Nenuco?
Betidanik Petit Cheri gustuko dut.
Entzun dudanez, 2000ko udazken-neguan jertse lodiak, hotzari aurre egiteko beroki eta jakak eta glamour osagarriak indartsu datoz.
Aurten lepo luzeko jertseak, gizonetan zein emakumeetan, larruzko galtza edo bakero ilunak, oso estuak, nagusi dira. Oinetakoetan, berriz, takoi altu eta finak.
Pasareletan eta kalean ikusten denak, ba al dute zerikusirik?
Pasarelak erakusketa dira, artelanak erakusteko gunea. Show txikia den arren, desfileek modaren nondik-norakoen arrastoaren berri ematen dute.
Moda jarrai al daiteke arropa merkeekin?
Bai, dudarik ez.
Eta bigarren eskukoekin?
Baita ere. Norberak jakin behar du zer geratzen zaion ongi. Dendetan barrena ikusmiran ibiltzea izugarri gustatzen zait, orain ez dut astirik, baina hiru ordu izan ezkero, Donostiako denda guztiei bi buelta baietz!
Mafaldari ez zaio zopa gustatzen. Zuk txorizoa ezin duzu ikusi ere egin.
Txikitan sekulako beteka hartu nuen eta kitto! Ahizpek, zirikatzeko, asto haragia zela eta ez zela zioten... eta gaur arte.
Txikitan, zeinekin jolasten zinen, Nancy ala Barbirekin?
Ez batekin, ez bestearekin. Banuen beste panpin bat, trapuzkoa, amonak oparitutakoa eta ile kizkurra zuena, marrubi usainekoa. "Marrubi" jarri nion izena. Gaur egun, ilobak du eta esku gabe utzi du.
Sasoi hartan ikaragarri arina zinen eta ahizpek eskusoinuaren kaxan gordetzen zintuzten. Amak zu aurkitzen lanak izaten omen zituen...
Bai, goma bezalakoa nintzen eta ahizpek besoekin eta hankekin korapiloak egiten zizkidaten. Orain ere arina naiz, baina ez hainbeste.
Peter Parker Spiderman bihurtu ohi da. Bera, zu bezala, kazetaria da, baina elkarrekin ateratzeko nahiko lan. Izan ere, armiarmak gorroto baitituzu.
Ez dakit zergatik diedan halako ikara. Ez naiz ohean sabaia ongi miatu gabe sartzen. Eta armiarmaren bat ikusten badut, sofara lotara joateko gauza naiz!
Zer da glamourra?
"Glamour" hitza batere zentzurik gabe erabiltzen da gehiegitan. Esate baterako, ez du zerikusirik jantzietan sekulako dirutza gastatzearekin, eta hala ere, horrekin lotzen da askotan. Glamourra norberak du, izan ere, pertsonaren kalitatea eta estiloa da.
ETBko "Hator kantari hator"-en, besteak beste, Amaia Uranga bilbotarrak, Aurora Beltran iruindarrak eta Raul gasteiztarrak abestuko dute. Tamara santurtziarra gonbidatuko al zenuke?
Ezta pentsatu ere! Garai batean, Erdia Aroan, bufoiak ibiltzen ziren jendea barre eginarazten. Gaur egun, Paco Porras, Tamara... bezalakoak ditugu, mende honetako bufoiak dira. Ez dakit oso zuzena den, baina denok behar dugu barre eginaraziko digun norbait.
U2 taldeko Bono kantariak: "famak mozolo bihurtarazten omen gaitu".
Ados nago. Ospetsu asko mozolo samarrak dira. Bera, zorionez, aske dago kontu horretatik... Bonok badu glamourra.
Sorginen Laratzan "navarrorum" taldekidea zaitugu.
Hala da, nafarrak mordoxka gara.
Saioa hasi aurretik, hogeita hamar minutu luze ematen omen dituzu makilaje gelan...
Halabeharrez. Lan kontuetan ez dago pertxenta izaterik, etxean bai.
Irratian ere aritzen zara. Entzulearekin konplizitate handiagoa dago irratian, ezta?
Bai, noski! Telebistak eta irratiak ez dute zerikusirik. Nahiz eta lanbide bera izan, aparteko munduak dira.
Euskadi Gazteko zure lankide Joseina Etxeberriak telebista irratia baino krudelagoa dela dio.
Askoz ere! Edozer gaizki atera ezkero, akabo! Telebistan beti egon behar duzu prest, eta irudiak duen garrantzia eta pisua onartzea kosta egin zait. Presio handia dago.
Telebistan hasi aurretik, inork ahotsarengatik ezagutu al zaitu sekula?
Bai, askotan. Nafar hizkeragatik agian. Behin, lentzeria denda batean nengoen eta pentsa, laguntzen ari zaitzaidan dendariak ea Itziar Alduntzin ote nintzen galdetu zidan. A ze lotsa!
Elton Johnek lore ugari erosi ohi ditu. Lorerik bidali al dizu inoiz?
Lorezale amorratua naiz, baina ez dit alerik bidali. Hurrengo baterako, orkideak gustatzen zaizkit...