Itzalaldi sexual bat pairatzen duzu? Munduaren erdiak ere bai

Azken garai hauetako ezegonkortasunak, eta monotoniak, sexurako desiraren galera ekarri omen du. Adituen ustez ordea, honek ez gintuzke larritu behar eta ez luke gure lehentasuna izan behar. Hala ere, hemen sua bizirik mantentzeko, edo berriz pizteko, zenbait aholku.
Adituek diotenez, egunerokotasunak eta konfinamenduan pertsona berdinarekin espazio jakin bat 24 orduz partekatu beharrak, edota leku ezberdinetan egoteagatik bikotea ezin ikusi ahal izateak, desirari kalte egin dio eta bikote asko euren harremanaren etorkizuna ezbaian jartzeraino iritsi ziren.
Honi guztiari, harreman batean egon ala ez, guztiok bizi dugun ziurgabetasuna gehitu behar zaio. Txertoak benetan funtzionatzen al du? Aldaera ezberdinentzat ere bai? Pandemia hau gaindituko al dugu eta normaltasunera itzuli? Honelako pentsamenduek estresa sortzen digute eta noski, baita antsietatea ere. Guzti horrek sexu garra itzaltzen du, edo ahuldu behintzat. Izan ere, adituek diotenez gogo aldartea eta desira sexuala elkarrekin doaz.
Honen aurrean psikologo askok diote egokiena erotismoa lantzea dela kontaktu fisikoarekin bitartez, parafernalia handirik gabe. Laztanekin saiatu behar da, muxuekin eta besarkadekin. Hori bai, oheratzeko beharra sentitu gabe, momentu oro gozatuz. Ezinbestekoa da sexua edukitzera behartuak ez sentitzea. Adituen ustez, gogoarekin gelditzeak gure desira sexuala hazten laguntzen du.
Pandemiaren leheneng olatuan, konfinamenduaren berrikuntzarekin batera, bakarrik bizi ziren pertsonak eta familiak larrugorritan geratu ziren emozionalki tristuraren biktima erraz bilatuz. Hori dela eta, oraindik desira sexuala pausan egotea normaltzat jotzen dute psikologoek. Kinsey Unibertsitateak (AEB) burutu duen ikerketaren arabera, pertsonen %40ak baino gehiagok uste du euren jarduera sexuala gainbehera joan dela pandemian zehar. Horren ondorio da bost pertsonatatik batek lehen bere bizitza sexualean probatuko ez lituzkeen gauzak egitera ausartzea: postura berriak, argazkiak, fantasiak, pornoa ikusi edo zibersexua burutu.
Alabaina, benetan estimulatuko gaituzten gauzak zein diren argi dute adituek; egunerokotasuneko gauza txikiak: komunikazio zintzoa, sormena baina batez ere autoexijentziak uxatzea eta osasun mentala zaintzea. Sexuaren aurretik badaude beste lehentasun batzuk, beraz, lasai hartu.