Itxura aldaketa

Itxura aldaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/itxura-aldaketa/@@download/image/45p16-1_1367861658.jpg
2004/10/01
erreportajea
Unai Brea
Itxura aldaketa
Negua kolore biziz dator. Hala dio modak. Baina dendetan denetarik topatuko duzu. Hona hemen modarekin bat etortzeko gida xumea. Gustatzen zaizuna kontuan hartu, eta gainerakoa utzi.

Maria Angeles Tempranok urteak daramatza Algortan arropa saltzen. Harengana jo dugu negu honetan dendetako apalategietan topatuko dugunaren berri izateko. Dioskunez, "aurten kolore asko dago". Guztion arreta erakartzeko moduko jantziak izango dira nagusi udazken eta neguan. Gorria, laranja, urdina… Askotan elkarren artean nahastuta: marren bidez, irudiekin, diseinu bereziekin…

Prakak, estuago

Nonbaitetik hasi behar eta has gaitezen praketatik. Maria Angeles Tempranok esan digunez, azken urteetan nagusi izan diren joerak —neskengan batez ere—, aldatzen ari dira apurka-apurka. Hots, gure kaleetan barra-barra ikusten ditugun kanpaitzar izugarri horiek estutzen hasiak dira. "Praka estuak datoz berriz".

Bilakaera ez da egun batetik bestera izango, hala ere. "Pixka bat kosta egiten da aldatzea. Marka batzuek, esaterako, joera biak elkartzen dituzte, eta hala izango da denboraldi batez, praka estuak berriz gailendu arte", dio Tempranok. "Adituek diotenez, hamarna urte iraun ohi dute zikloek moda kontuetan". Eurek  hori badiote, zerbaitengatik izango da!

Bakeroak hor daude beti, urtaro eta modez zeharo ezaxola. "Gazteek bakeroak erabiltzeko joera nabarmena dute, mutilek batez ere. Zenbaitek urte osoan ez dute besterik janzten".

Eta jakina, ezin ahaztu soinekoak ere. Aurten, gainera, denboran atzera egin beharko dugu modarekin bat egiteko: izan ere, 60ko eta 70eko hamarkadetako soinekoak datoz berriro.

Berokiak, ezinbesteko

Neguko hotzak kamisetaren gainetik zerbait ipiniaraziko digu. "Txanodun kamiseta gainbehera dago. Ez du hain itxura dotorea ematen, eta gaur egun kotoizko jertseak ari dira leku hartzen: kamiseta horiek bezain erosoak dira, baina dotoreagoak".

Hotzari aurre egiteko aurten ezinbestekoak izango dira berokiak: klasikoak eta apurtzaileagoak. Ausartagoak direnentzat, berriz, hortxe jakak. Ez ahaztu larruzkoak ez direla sekula atzera geratzen.

Kaleko moda

Maria Angeles Tempranoren dendatik ez oso urrun, Itzi Garaterena aurkitu dugu. Bestelako moda dauka Garatek salgai. Kale estetika esaten zaionak ba omen ditu ezaugarri bereziak Euskal Herrian, eta Garatek dioenez, bere dendan estetika hori biltzen saiatzen da. Estetika horretan, bada urtez urte eta sasoiz sasoi tinko dirauen elementurik. Marra horizontaldun kamisetak dira horietako bat. Asko saltzen dira, oso erosoak dira, eta gainera neska zein mutilentzat egokiak dira.

Bestela, zein berezitasun du kaleko modak? Kolore gutxixeago. Kolorea modan dago, Itzik esan digunez, baina bere bezeroek, "modari jarraituta ere, gauza ilunagoak dituzte atsegin". Praken kanpaitzarrak ere, egon badaude, baina ez dira horren nabarmenak. Hirugarrenik, txanodun kamisetak hemen dute oraindik euren gotorlekua.

Kaleko moda horren marketako bat da Rajasthan izenekoa. "Lesakan dugu tailerra, eta gure ekimenak filosofia jakina du: gure kamisetetan leloak ipintzen ditugu gehiegikeriak salatzeko. Gainera, mozketa bereziko kamisetak dira", esan digu Imanol L. Perotxenak. Rajasthan-eko kamisetak Euskal Herriko denda askotan eskura daitezke.

Badakizu bada, zeintzuk diren aurtengo joera nagusiak. Orain zure esku dago joerak jarraitzea ala beste modu batera janztea. Zeuk ikusi.

Osatu zure janzkera


Osagarriak horixe dira, osagarri. Beraz, janzkera korronte nagusiari jarraitzen diote; arropa nolakoa, osagarria halakoa. Maria Angeles Tempranoren arabera, jantziak bezain koloretsu agertuko dira aurten gerrikoak, poltsak… "Tamainari dagokionez, berriz, gerrikoetan denetik dugu; estuak eta zabalak", adierazi du. "Poltsak, aldiz, denak handi-handiak".  
Burua estaltzeko ohitura handirik ez omen dugu euskaldunok, eta ondorioz, gutxi esan daiteke burukoei buruz. Ez, ordea, zapiez eta. Horiek arrakasta handia dute gazteen artean. Kolore bizikoak, noski. Eta zer esan palestindar ospetsuez? Itzi Garatek, esate baterako, mordoa saltzen du: "Urte asko daramatzate modan, eta hala izango da Palestinako arazoa konpontzen ez den bitartean". Garatek dioenez, gainera, bufanda koloretsuak izango dira jaun eta jabe, eta nola ez, eskularruak, galtzerdi alaiak…

Mendian erosotasuna



Maria Ortegak kirol denda batean lan egiten du, eta bere ustez, arlo horretan, koloreak eta markak ez dute hainbesteko garrantzirik; jantzia erosoa izatea bilatzen baita. Estetika bigarren mailako alderdia omen da, beraz. Azken batean, ez gara mendira joaten besteek eder ikus gaitzaten. "Hori bai, antzeko produktu biren artean, aukeratzeko garaian, gustukoenaren alde egiten du jendeak".

Oinetatik hasiko gara. Jende askok mendiko oinetakoak, botak zein zapatilak, kalean erabiltzen ditu. Ortegak dioskunez: "Oro har, mendiko jantziak moda bihurtu dira kalean".

Prakak elastikoak izaten dira eta apur bat zabalago eramaten hasi dira azken boladan. Hau da, mugitzeko, makurtzeko... askatasuna ematen dutenak. "Indartuta egoten dira ipurtaldean, belaunen inguruan… Luzeago irauteko".

Kamisetei dagokionez, hotz garaian termikoak dira nagusi. Gainetik, moda iragankorrei aurre egitea lortu duten forro polarrak dira nagusi. Gaur egun kolore guztietakoak daude. Kolore serioak daude (beltza, grisa…), baina ikusgarriagoak ere bai: "Kanpotik eramateko, garrantzitsua izaten da urrunetik ondo ikusteko moduko kolorea eramatea –gorria, laranja, horia…—, badaezpada, ezbeharren bat gertatuz gero. Beraz, txamarretan eta kolore biziak gailentzen dira".

Pana eta belusa nagusi



Ehun motari dagokionez, pana eta belusa izango dira erabilienak. Jakina, ezin ditugu ahaztu betiko ehunak: kotoia, seta…Horiek ez dute sekula behera egiten. Eta marrazkiei dagokienez, serigrafiak, marrak, 60ko eta 70eko hamarkada gogora ekarriko dizkiguten irudiak, ikusi ahal izango ditugu dendetako apalategietan. Punta-puntakoena zer den? "Animalien orbanak imitatzen dituzen irudiak, esaterako, tigreak, zebrak…".

Modaren menpeko piztiak gara, nonbait. Hala ere, bada ale ilunik ortzadar horren barruan. Tempranok azaldu digunez, ez dira beltzean eta grisean oinarritutako bildumak faltako erakusleihoetan.