‘Itsasturiak’ multimedia erakusketa ibiltaria Zarautzera heldu da

‘Itsasturiak’ multimedia erakusketa ibiltaria Zarautzera heldu da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/itsasturiak-multimedia-erakusketa-ibiltaria-zarautzera-heldu-da/@@download/image/itsasturiak_1391765718.jpg
2014/02/07
berria
Donibane Lohizune eta Ziburuko marinelen bizia islatzen duen ‘Itsasturiak’ erakusketa ibiltaria Zarauzko Sanz Enea Kultur Etxean izango da ikusgai martxoaren 30era bitarte. Euskal Kultur Erakundearen ekimenez osatutako argazki eta bideo bildumak euskal itsas ondarea babesteko helburua du.


Azken hamar urteetan arrantzak jasandako gainbeherak itsas ondarearen alde obratzeko lanetan jarri ditu tokiko hainbat eragile. Donibane Lohizune eta Ziburun, esaterako, Itsas Begia elkarteak itsasoarekin loturiko makina bat proiektu eta ekintza gauzatu ditu azken 30 urteetan, besteak beste, Euskal Kultur Erakundearen laguntzaz.

Hala, XX. mendeko arrantzaren historian parte hartu duten arrantzale, haien emazte, bitartekari, ontzigile, xaiko mutil, marinelen formatzaile, kontserbategiko langile eta saregileak elkarrizketatu zituzten 2010ean Eleketa ahozko memoriaren bilketaren harira, eta haietako 26ren lekukotasunekin batera, ehunka argazki eta postal jarri dituzte ikusgai 'Itsasturiak'-en baitan.

Eduki guzti horien osagarri, hiru hizkuntzatan idatziriko panelak (euskaraz, frantsesez eta gazteleraz) eta bestelako elementuak gaineratu dituzte, aplikazio elkarreragileei esker, nork bere erritmoan kontsultatu ditzakeenak. Arrantzalearen lanbidea, arrantza teknikak, itsasontzi motak, portuko gainerako lanbideak, Dakarreko arrantza eta portuaren antolaketa moduluetan banatzen da.

Zarautzen
Hainbat herri eta hiritan ikusgai izan ostean, erakusketa ibiltariak Zarautzen egin du geldialdia. Otsailaren 6tik martxoaren 30era bitarte izango da herriko Sanz Enea Kultur Etxean, galdu ezinezko zita!