Itsaslamia izan nahiko al zenuke?

Itsaslamia izatearekin amets egin baduzu inoiz, joera berri hau gustatuko zaizu. 'Mermaiding' deitzen zaio eta itsaslamiaren gerritik beherako aldea irudikatzen duen jantzia janztea eta, ahal bada, hura soinean izanda igeri egitea izaten da. Fenomeno honek jarraitzaile asko ditu Estatu Batuetan eta Asian. Lagunarteko giroan egiten dute askok, baina profesionalak ere badaude eta konbentzioak eta lehiaketak ere izaten dira.
Profesionalak zuzeneko edo grabatutako ikuskizunetan aritzen dira, eta ekitaldi berezietarako kontratatzen dituzte. Lehiaketak ere antolatzen dituzte, eta igeriketa sinkronizatu eta apnea probak egiten dituzte bertan.
Zaletasuna duten horiek, berriz, herriko igerilekuetan, lakuetan edo ibaietan ibiltzen dira. Akademia batzuek zerbitzuak eskaintzen dituzte uhandreen moduan jantzi, behar den informazioa eman edo klaseak jaso, eta uretan kontrolpean ibiltzeko.
Zaletu dezente dauden tokian komunitatea osatzen dute, eta argazki saioak, urtebetetze festak edo bilkurak egiten dituzte. Floridan eta Washingtonen badira halakoak. Hain zuzen ere, duela pare bat urte Netflixeko MerPeople dokumental seriean erakutsi zuten Washingtongo Metro MerFolk taldea. 2017an sortu zen eta 1.000 kide inguru ditu, emakumezkoak, gizonezkoak eta ez binarioak.
Kideentzat eguneroko zaratatik ihes egiteko modu bat da itsaslamiaren munduan sartzea, mundu magikoa baita haientzat. Oso gustura sentitzen dira egunean tarte batez arnasaldia ematen dielako. Horretaz gain, zenbait pertsonak onartuak sentitzen diren talde bat aurkitu dute, norbere barruko haurrarekin harremanetan jarri eta jolasteko aukera ematen dien jarduera, espazioa eta lagunak.
Fantasiaren munduan murgildu eta itsaslamia izan nahiko al zenuke zuk ere?