Itsasargi bat artearentzat

Itsasargi bat artearentzat Badira leku bereziak, hain zuzen bertan elkartzen direnen balore eta grinekin apainduak daudelako. Horietako bat da Gasteizko Artgia sorgunea. Kultura itotzen dabilen kapitalismoaren itsaso zakarretik babesteko aterpe txiki eta independentea da, Judimendi auzoan ezin hobeto integratuta. Irantzu Lekue zuzendariarekin mintzatu gara. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/itsasargi-bat-artearentzat/@@download/image/43158666_637185020010291_7155333352411627520_o.jpg
2019/04/10
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Badira leku bereziak, hain zuzen bertan elkartzen direnen balore eta grinekin apainduak daudelako. Horietako bat da Gasteizko Artgia sorgunea. Kultura itotzen dabilen kapitalismoaren itsaso zakarretik babesteko aterpe txiki eta independentea da, Judimendi auzoan ezin hobeto integratuta. Irantzu Lekue zuzendariarekin mintzatu gara.
Itsasargi bat artearentzat

Noiz sortu zen?
2017ko udaberrian ireki genuen leku fisikoa, Gasteizko Judimendi auzoan. Dena den, artearen babesleku bat sortzeko ideia urtebete lehenago jaio zen. Sekulako obra egin behar izan genuen egungo areto zuri eta diafanoa lortu arte. Gogoan du Artgia erakusketa kolektibo batekin ireki genuela, hirian sekulako beharra baitzegoen halako espazio batena. nik zuzentzen dut sorgunea, eta hilero erakusketa bat antolatzen dugu 65 metro karratuko espazio honetan. Ohiko arte erakusketentzat erabiltzen diren aretoak baino apur bat txikiagoa da, eta horrek asko laguntzen die artistei, metro askoko espazioak betetzea ez delako erraza beti.

Zertarako sortu zen?
Artgiak hiru oinarri nagusi ditu. Lehena eta gehien indartu duguna emakume artisten lanari garrantzia ematea izan da; hala, sorgunetik emakume artista asko pasa dira: Charo Marañon, Bea Perales, Sara Berasaluze, Ines Gonzalez de Zarate... Bigarren oinarria, euskara da; sekulako garrantzia ematen diegu euskal kultura bultzatzen eta transmititzen duten proiektuei, Gasteizen egonda, biziki beharrezkoa dela ulertzen dugulako. Eta azkenik, eraldaketa dugu hirugarren oinarria, hau da, artea gure egunerokotasuna eraldatzeko dagoela ulertzen dugu. Horregatik, Artgia ez da erakusleku soil bat; sorgune honetan komunitatea edertzeko balio duten ekimenak bultzatzen ditugu, ikastaroak, prentsaurrekoak eta abar. Hibridazio eta elkarrizketa artistikorako tokia da, artistentzat, sortzaileentzat, kultur eragileentzat eta oro har jendartearentzat, erdigunean sormena, ikerketa, esperimentazioa, berrikuntza eta hedapen artistikoa jarrita.

Zer zailtasun izan dituzue?
Araba basamortua da kulturalki; inguruko probintziekin alderatuta, eskaintza askoz ere urriagoa da, eta ez sortzailerik ez dagoelako, babesik ez dutelako jasotzen baizik. Horregatik, kultur proiektu bat sortzeko lehen pausoak latzak izaten dira. Bestalde, Gasteizen fenomeno kuriosoa gertatzen da; gehiena periferian sortzen da, eta ondoren, erdigunean aurkezten dute. Zentralizazio hori nolabait ekiditeko erabaki genuen Artgia Judimendi auzoan irekitzea, eta sekulako sorpresa eraman genuen, auzo honek mugimendu artistiko eta kultural potenteak dituelako. Oso auzo interesgarria da.

"Ez da erraza izan laguntzarik gabe proiektua aurrera ateratzea, baina horrek abantaila bat eskaini digu; sorgunea erabateko askatasunarekin kudeatzeko aukera".

 

 

Nola funtzionatzen duzue?
Normalean, halako espazioak aurrera eraman ahal izateko bide bakarra dirulaguntzen bidez finantzatzea izaten da. Ondorioz, espazio horiek ez dute luze irauten, dirulaguntzen zain desagertzera kondenatzen dituztelako. Guk, kontrako bidea egin dugu; ez genuen dirulaguntzak iristera itxaron, eta horren ordez, inoren laguntza ekonomikorik gabe sortu genuen proiektua. Autofinantziazioa izan da Artgiaren oinarri ekonomikoa; nire jardun artistikoari esker lortu dugu espazio hau aurrera ateratzea. Bi urtez proiektua aurrera eraman eta egonkortzea lortu dugu, eta etorkizun hurbilean eredu mistora igarotzea gustatuko litzaiguke, eskaintza zabalagoa eman ahal izateko. Ez da erraza izan laguntzarik gabe proiektua aurrera ateratzea, baina horrek abantaila bat eskaini digu; sorgunea erabateko askatasunarekin kudeatzeko aukera.

Zeinek erabili dezake sorgunea?
Edozein artistak bere proiektuak aurkeztu ditzake, eta ondoren erakusketak deialdi publikoen bidez aukeratzen dira. Garrantzia ematen diegu artista lokalei, eta adibidez, Eduardo Alsasua edota Charo Marañon artista gasteiztarren lanen erakusketak antolatu ditugu. Aniztasuna gustuko dugu, eta diziplina zein estilo guztietako lanak biltzen ditugu Artgian.

#ArteakIreki mugimenduak mobilizazio artistikoak deitzera animatu zituen martxoan; parte hartu zenuten?

Noski, kulturaren aurkako ekimenak ez dira onargarriak. Publikoki atera ginen debeku horren aurka protestatzera, eta mugimenduari babesa adierazi diogu. 


Nola ikusten duzue etorkizuna?
Erakusketez gain, Artgiak hainbat programa ditu martxan, eta sortzeko zein elkartzeko espazioa izateko helburua du; gainera, auzoarekin estuki lotuta gaude, eta besteak beste, Sugarfest jaialdian parte hartzen dugu. Etorkizunean dirulaguntzaren bat jasotzea espero dugu, proiektu sendo eta beharrezkoa dela aski frogatu dugulako.