'Itsas behera' antzezlana taularatuko dute Donostian

'Itsas behera' antzezlana taularatuko dute Donostian Beraiek eraikitako mundu batean bizi diren bi gizabanako dira antzezlaneko pertsonaiak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/itsas-behera-antzezlana-taularatuko-dute-donostian/@@download/image/itsasbeheraalbiste.png
2023/02/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Beraiek eraikitako mundu batean bizi diren bi gizabanako dira antzezlaneko pertsonaiak.
'Itsas behera' antzezlana taularatuko dute Donostian

Pez Limbo konpainiak Itsas behera antzezlana eskainiko du bihar, hilak 4, Egiako Gazteszenan. Obraren izenburuak marea bizietarako prestaturik dauden pertsonei egiten die erreferentzia, "beren etxea defendatzeko edo gizadiak aurre egiten dien gai handietako edozeinen alde borrokatzeko". Antzezlanaren egileek azaldu dutenez,  ordea, "ez dira gai itsas-beherari aurre egiteko, harri zorrotzen mantu bat uzten baitu airean, lotsagabeki erakusten baitu ohean utzitako zabor guztia, geologiak begi-bistan uzten dituen mendeetako emozio ezkutuak, hurrengo glaziazioaren zain". 

Beraiek eraikitako mundu batean bizi diren bi gizabanako dira antzezlanaren protagonistak. Unibertsoak planik ez duela sinetsita, egotea erabakitzen dute, ondo eta elkarrekin, egonean. Bizitza konplexua dela sentitzen dute, ez duela merezi borrokatzea eta, aldi berean, burdinazko borondatearekin bizitzeko beharra dute. Kontraesan horrek batzuetan harriduran kokatzen ditu eta beste
batzuetan neke existentzialean. Beren ekintzek ez dute xederik baina zentzua ematen saiatzen dira.

"Existitzeko beharraz" hitz egiten duen komedia dela azaldu dute, "kosmosa eta lurraren artean, malenkonia eta kabaretaren artean, materia ilunaren eta karaokearen artean toki bat aurkitzeko beharraz ari dena. Jainko eta munstroen artean. Azken aldiz errautsetatik birsortzen diren bi fenix-hegazti. Bi gizon beren suizida sena zapaltzen beren edukazioagatik. Bi aktore kezkatuta dauden plantak egiten".

Javier Barandiaran donostiarra eta Unai Lopez de Armentia gasteiztarrak dira aktoreak. Espe Lopez irundarrak ere parte hartu du sormen prozesuan.

Emanaldia 19:30ean izango da eta sarrerak hemen eskura daitezke, hamar euroan.