Italiaren amerikanizazioa

Italiaren amerikanizazioa ‘Lapurrak, adi. Defentsa beti da zilegi’. Hori da Italiako gobernuak onartu duen araudi berriaren lema. Aurrerantzean legez babestuta egongo da jabetza pribatuetara sartzen diren lapurrei tiro egitea. Nabardurarik gabe. Mattteo Salvini barne ministroak gidatzen duen Lega alderdi ultraeskuindarrak proposaturiko ekimenak mezu argia zabaldu nahi du: autodefentsa estatuaren gainetik dago. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/italiaren-amerikanizazioa/@@download/image/Captura de pantalla 2019-04-17 a las 11.43.30.png
2019/04/18

Testua: Ane Irazabal @AneIrazabal

‘Lapurrak, adi. Defentsa beti da zilegi’. Hori da Italiako gobernuak onartu duen araudi berriaren lema. Aurrerantzean legez babestuta egongo da jabetza pribatuetara sartzen diren lapurrei tiro egitea. Nabardurarik gabe. Mattteo Salvini barne ministroak gidatzen duen Lega alderdi ultraeskuindarrak proposaturiko ekimenak mezu argia zabaldu nahi du: autodefentsa estatuaren gainetik dago.
Italiaren amerikanizazioa

Salvinik dio hazi egin dela segurtasunik eza Italian, eta noski, migratzaileei egozten die ardura hori. “Larrialdi egoera bizi dugu. Gero eta migratzaile irregular gehiago, gero eta segurtasun gutxiago”, aldarrikatu du barne ministroak.
Salvinik irizten dio italiarrek arma bat izateko eskubidea dutela, “badaezpada” eta lapurrak etxeetara sartzen badira, nahikoa izango da pistola bat ateratzeko mehatxua egitea haiei tiroz erantzuteko. Kode penalaren 52. artikulua erreformatu duen ekimenaren bidez, legeak babestu egingo ditu herritarrak. Lapurra tirokatzen duena ez da epaitua izango. Zergatik? Hori bidezko defentsaren arloan kokatzen delako.

Hala, Far West-aren antzera, Italiak argi berdea eman dio armen liberalizazioari. Tiro poligonoetan pozik baino poziago daude lege berriarekin. “Ez dut ulertzen zergatik AEBtan posible den armak erostea eta hemen trabak besterik ez dauden. Herritar bakoitzak eskubidea du bere jabetza pribatua nahi duen bezala defendatzeko”, adierazi du Erromako tiro poligonorik handieneko arduradunetako batek. Eskaini dizkigun datuak argiak dira: azken hiru urtetan bikoiztu egin da halako azpiegituretan izena ematen duten herritarren kopurua. Guri, ordea, ez digu bere izena eman nahi izan: “Europan oraindik gaizki ikusia dago pistolak izatea”.
Kasuak kasu, Italian gero eta errazagoa da “kirola egiteko” armak eskuratzea. 2018ko irailean onarturiko beste dekretu baten ondorioz, erosgarriak diren pistolen kopurua bikoiztu egin da, baita jatorri militarra duten Ak-47 eta Ar15 ereduen kasuan ere. Ez hori bakarrik. Araudi berrian taser edo pistola elektrikoak erabiltzeko baimena ematen zaio poliziari. Hala, “Italiaren amerikanizazioa” salatu du oposizioak, edonor bere esparruan sheriffa senti daitekeela salatuz.

Baina zenbat arma daude Italian herritarren eskuetan? Gobernuak ez du tankera horretako estatistikarik errazten. Halere, barne ministerioak eskainitako datuek argi utzi dute azken bost urtetan behera egin duela hilketen kopuruak. %10 gutxiago 2016tik 2017ra. “Italian ez dago segurtasun larrialdirik, armen lobby-ei amen egiteko borondatea baizik”, adierazi du Riccardo Noury Italiako Amnesty International erakundeko bozeramaileak. Nouryri oso arriskutsua iruditzen zaio herrialdeak hartu duen itxura: “Herritarren artean arma bat izatea beharrezkoa denaren ideia zabaltzen bada, bakoitzak bere kabuz hartuko du justizia. Bidezko defentsak ezin du estatua ordezkatu”.

"Baina zenbat arma daude Italian herritarren eskuetan? Gobernuak ez du tankera horretako estatistikarik errazten."


Beraz, ez da kasualitatea AEBetako National Rifle Association erakundearen kopia den Comitato Direttiva 477 elkarteak gobernu italiarraren ekimena babestea, eta araudi berria “aurrerapausotzat” jotzea. Erakundeak Salviniren hauteskunde kanpaina babestu du eta Italian lobby indartsua bilakatzen ari da. Salvinik behin baino gehiagotan esan du Donald Trump eta Charlton Heston inspirazio iturritzat jotzen dituela. Biak ala biak harropuzkeriaren sheriffak.