Italiak laborategietan sortutako haragia debekatuko du bere "kultura gastronomikoa babesteko"
"Gure ustez, laborategietako produktuek ez dute gure kultura, gure tradizioa babesten eta ez dute kalitatea eta ongizatea bermatzen", azaldu zuen Francesco Lollobrigida ministroak. Meloniren gobernuak italiar elikadura industria babestea zin egin zuen berrikuntza teknologiekoen aurrean, horregatik, Laborantza ministerioaren izena berritu egin du: Laborantza eta elikagai subiranotasunaren ministerioa. Lege proiektuaren arabera, lege berria hausten dutenek 60.000 euro arteko isunak jasan ditzakete eta hiru urtetan finantziazio publikorik gabe geratu. Gainera, fabrikak ere itxi litezke.
Lege proposamena dekretu batzuen ostean etorri da. Dekretu horietan intsektuekin eginda irinak debekatzen dira edo pizza edo pastan txaiskurrak erabiltzea. Gainera, intsektuak dituzten produktuetan argi azaldu behar du hauek osagaien artean daudela edo horiekin eginak direla. "Jendeak ezagutza osoarekin aukeratzeko eskubidea du" esan du Melonik. Bere hitzak italiarren gehiengoarekin sintonian daudela dirudi. Galdetegi baten arabera italiarren %84 laborategietan ekoiztutako elikagaien aurka dago.
Hala ere, laborategietan sortutako elikagaiak debekatzearen egitasmoak hainbat erakunde haserretu ditu, horien artean zeluletan oinarritutako produktuak garatzen dituztenak eta animalien eskubideen aldeko taldeak. Izan ere, hauen ustetan, "zeluletan oinarritutako laborategietako elikagaiak irtenbidea izan litezke elikadura sistema osasuntsu eta ingurumenarekin adeitsu bat sortzeko".
"Lege hau onartzen bada, Italiak alor honetan izan lezakeen potentzial ekonomikoa itxiko litzateke, zientzia aurrerapenaren atzerakada bat gertatuz eta krisi klimatikoaren aurkako ahaleginak zapuztuz" esan du Alice Ravenscroft, Good Food Institute Europe erakundeko arduradunak.

