Itaka, odisea bortitza

Itaka, odisea bortitza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/itaka-odisea-bortitza/@@download/image/72p8.jpg
2007/03/02
elkarrizketa
Gaztezulo
Itaka, odisea bortitza
Zumaian duela sei urte sortutako taldea da Itaka. Gaur egun, Aitorrek (ahotsa), Ibanek (baxua), Jonek (gitarra) eta Unaik (bateria) osatuta dago. “Nerabe” lehen diskoa kaleratu zuten joan den urte bukaeran, eta orain zuzenean eskaintzen ari dira bertako kanta bortitzak.
Duela urte pare bat lehen maketa kaleratu zenuten. Nola aldatu da taldea orduz geroztik?
Abestiak egiteko modua ez dugu askorik aldatu; horretan, behintzat, alde nabarmenik ez dago hasieratik hona. Dena den, begibistakoa da gaur egun askoz hobeto elkar ulertzen dugula, eta hori antzeman egiten da abestiak konposatzerakoan. Gure ustez, disko honetako abestiek kutsu rockeroagoa dute maketakoek baino, eta hori izan daiteke ezberdintasun nagusia. Diskoak soinu trinkoagoa ere badu.

Baga-Biga Musika Ideiak diskoetxearekin plazaratu duzue diskoa. Nolatan sortu da zuen arteko harremana?

Musika mundua nola dagoen ikusita, ez zen lan erraza izan. Maketarekin hainbat diskoetxetara jo genuen, eta ate haietako bat Baga-Bigakoa izan zen. Diskoetxekoekin hitz egin genuen eta ados jarri ginen.

Mikel Anestesiak ekoitzi du diskoa. Nabari al da bere eskua?

Gure lehen maketa ere berarekin grabatu genuen, eta oso gustura geratu ginenez, diskoa ere berarekin eta Fideleneko bere estudioan grabatzea erabaki genuen. Oraingo honetan ere ondo aritu gara elkarrekin, nahiz eta  prozesua orduko hartan baino motelagoa izan den. Mikelek beti laguntzen digu, proposamenak eginez eta iritzia emanez.

Diskoak “Nerabe” du izenburu. Zergatik?

Izenburu horrekin, musika aldetik nerabezaroan gaudela adierazi nahi izan dugu, oraindik ere asko dugula ikasteko. “Teenager” abestiak ere zerikusia du horrekin.

Zer talde dituzue, Euskal Herrian, erreferentziatzat? Nola ikusten duzue egoera?

Era guztietako taldeak entzuten ditugu, baina Euskal Herriko talde batzuk aipatzearren, Dut, Kuraia, Anestesia... Atzerrikoen artean, Queens of the Stone Age, Deftones, Hermano, Muse, Korn eta Sepultura atsegin ditugu. Nola ikusten dugun hemengo musikaren egoera? Gaur egun talde asko sortzen ari dira, baina hala ere, nahiko gaizki dago, eta talde berriok ez dugu batere bide erraza.

Zer moduz musika mugimendua Zumaia aldean?

Azkenaldi honetan, gero eta mugimendu handiagoa dago herrian, eta punk talde ugari dabil: La Eskoria Abunda, Trastorno Mental, Destroi… Hala ere, talde rockeroagoak ere badira; Kamon Behibi, adibidez. Doinu gogorragoak jotzen dituzte beste batzuek; Veronica Deicide To Die, esaterako.