Ispilutxo ispilutxo... nor da mutilik ederrena?

Ispilutxo ispilutxo... nor da mutilik ederrena? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ispilutxo-ispilutxo-nor-da-mutilik-ederrena/@@download/image/39p32-1.jpg
2004/03/05
erreportajea
Igor Arizmendiarrieta
Ispilutxo ispilutxo... nor da mutilik ederrena?
Kosmetika  emakumezkoaren kontua izan da orain arte, baina gero eta gehiago dira itxurarekin kezkatzen diren gizonezkoak.

Azken urteotan, badirudi gizonezkoak ispiluari etekina ateratzen hasiak garela. Gizonezkoontzako kosmetika produktuak biderkatu egin dira. Garai batean hori ez zegoen ongi ikusia. Horregatik, maiz lotsa ematen die mutilei gauza hauei buruz hitz egiteak. "Mutilak dendara lotsatuta sartzen dira. Jende gutxi dagoenean etortzen dira galdetzera", dio  Denok Lurrin-denda sareko kide Maider Etxaidek. Baina, Etxaidek esan digunez, pixkanaka orain arte arrotza izan zaigun krema, lurrin eta bestelakoen mundura gerturatu gara gizonezkoak.

"Azken urteotan gero eta gizonezko gehiago ari dira arduratzen euren itxuraz. Aldizkarietan gehiago irakurtzen dute, gero eta informatuago etortzen dira", adierazi digu Maiderrek. Zergatik ote? Irudiarekin kezkatuta al gaude? "Itxurak kezkatzen nau, baina ez dit loa kentzen. Kosmetikoak erosten ditut, baina ez asko. Bizirra kentzekoak eta horrelakoak. Behin edo behin, lurrina erosi izan dut. Batzuetan amak erosten dizkit gauzak, eta beste batzuetan neronek.
Depilatu, bestalde, apustu batengatik baino ez naiz depilatu. Gustura nago nagoen bezala
", esan digu Gorka Alvarez 18 urteko lasartearrak. Beste hainbeste esan digu Jorge Marcos 25 urteko basauriarrak ere. "Normal joatea gustatzen zait. Itxura mantentzea. Lurrina eta bizarra kentzekoak erabili ohi ditut, ondo usaintzea gustatzen zait-eta. Gainera, eskuetan krema eman ohi dut".

Produktu eskaintza zabala
Argi dago: batzuei gehiago besteei gutxiago, denoi itxura ona izatea gustatzen zaigu. Ildo horretatik, gizonezkoen merkatuari etekina ateratzen ahalegintzen dira kosmetika enpresak. Gizonezkoentzat mota guztietako produktuak daude, asko emakumezkoen parekoak: krema hidratatzaileak, pikorrak kentzekoak, begi-zuloen aurkakoak… Orain arte erosle gehienak 35 urtetik gorakoak dira, orduan etorri ohi baitira ile falta, sabelean pilatutako kiloak… Dena dela, lehendabiziko pikorra edo bizarreko lehen iletxoak ateratzen zaizkionetik zaintzen denik ere bada. Nork ez du ezagutu, pikorrak nola kendu kremak probatu eta probatu dabilena?

Eta ilearekin zer?
Mutilek gehien erosten ditugun produktuak bizarra kentzeko edo kendu ondoren eman beharrekoak dira: gelak eta after shave-ak. Baina baita ere usain-kengarriak, lurrinak eta jakina, zapatiletako kiratsa kentzeko barne-zolak! 
Ilea izan da beti gizonezkoon kezka nagusia.  Batzuek, galtzen ari direla-eta, xanpuak eta indartzaileak etengabe erosten dituzte. Azken aldian, berriz, beste batzuek —gutxi orandik— dutena kendu nahi dute! Depilazioaz ari gara. "Batzuk kirolariak dira, eta beste batzuek, beraien gorputzarekin gusturago egoteko egiten dute. Mutilek euren buruan pentsatzen dute depilatzen direnean, izan ere, ez dira konturatzen neskoi depilatu gabeko mutilak ere gustatzen zaizkigula", dio Etxaidek. Eta ispilutxoak zer dio? Nor da mutilik ederrena, depilatua ala Depilatu gabea? "Nor bere buruarekin gustura dagoena, zalantzarik gabe".