Ispiluaren gatibu ez izateko 12 arrazoi

Ispiluaren gatibu ez izateko 12 arrazoi https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ispiluaren-gatibu-ez-izateko-12-arrazoi/@@download/image/41p32-1_1368099912.jpg
2004/05/07
erreportajea
Gaztezulo
Ispiluaren gatibu ez izateko 12 arrazoi
Iritsi da udaberria. Eta, nola ez, jende askok dieta egin eta gimnasioan izerdia botatzeari ekin dio itsu-itsuan, urtean  hartutako kiloak bi hilabetetan galtzeko ahaleginean. GAZTETXULOk, ordea, dietitis uholdeari ez jarraitzeko arrazoiak dakarzkizue.

1- Sekulako negozioa
Gimnasioak, dietetika dendak, pilula magikoak, argaltzeko aholkuak ematen dituzten aldizkariak, klinikak… Guzti horien atzean sekulako negozioa dago. Gure kontura aberasten utziko al diegu? Bai zera!

2- Garai txarra
Udaberria eta uda. Ba al da eguzkitan —edo itzalpean, norberaren apetaren arabera— esertzea eta zerbeza fresko bat edanez gozatzea baino plan atseginagorik? Astegunetan txintxo-txintxo ikasi edo lan egin ondoren, udaberriko asteburuetan 'hedonismoa'-ren jarraitzaile izateko eskubidea badugu, ezta? Zerbezaz gain, izozkien iragarkiak ere non-nahi topatuko ditugu. Beraz, nola eutsi tentazioari?

3- Azterketak
Laster azterketa garaia iritsiko da, eta noizean behin mahaitik altxatzeko eta atseden hartzeko aitzakiak ere beharko ditugu… Dieta egiten hasiz gero, ezin izango dugu esan mokadutxo bat hartzera altxatu garenik… Gainera, txokolateak ikasten laguntzen omen du!

4- Gimnasiozaleen umorea
Batzuk ikasten edo lanean ibili diren bitartean, beste zenbaitek urte osoa gimnasioan sartuta pasatu dute. Horiek ederki barre egingo dute datozen hilabeteetan gainerakoen kontura: kilotxoak, gihar bigunak… Dietaren eta gimnasioen etsaiek, beraz, aukera polita emango diete gimnasiozaleei barre egin dezaten. Eta hori oso osasuntsua. Bai barre eragileentzat, bai barre egileentzat.

5-  Euskal Herriko ohiturak

Gauza jakina da Euskal Herrian jan-edana asko atsegin dugula. Jai eta bestelako erritualetan ezin falta diren osagaiak dira. Kilo batzuengatik ez diogu halako erritualetan parte hartzeari utziko, ezta?

6- Yo-yo efektua
Urtero kontu bera. Udan sasoian egoteko, kilo batzuk galtzea lortzen dugu, sekulako ahalegina egin ondoren. Helburua lortutakoan, ordea, lehen bezala —edo gehiago— jateari ekiten diogu. Ondorioz, galdutako kiloak eta beste hainbeste hartzen ditugu. 

7- Garestia da
Lehen esan bezala, argaltzearekin lotutako industriak sekulako negozioa du garai honetan. Izan ere, dieta egitea eta gimnasiora joatea ez da batere merkea. Helburu bera lortzeko alternatibak baditugu; sexua adibidez. Sexu saio on batzuekin, gimnasioan baino kaloria gehiago erre daitezke. Zer nahiago duzue sexua ala gimnasioa? Guk, behintzat, oso garbi dugu.

8- Hamster konplexua
Oso aspergarriak dira gimnasioko bizikleta edo korrika egiteko zinta. Korrika egiteko zintak, esaterako, hamsterren kaiolako gurpilen antza du: ekin eta ekin, ezer aurreratu gabe. Ez da oso logikoa. Bestalde, gimnasio askok, paretak izan ordez, kristalak dituzte, eta kanpotik dena ikusten da. Nolako hamster konplexua!

9- Litxarreria makina
Borondate sendoegia behar da gimnasioan lortutako sasoia pikutara ez bidaltzeko. Atetik irten bezain laster, litxarreria makina madarikatua topatuko dugu muturraren aurrean: txokolatinak, indarrak berreskuratzeko opil industrialak, freskagarriak… Gimnasiotik nekatuta atera eta zaila da makinari ezetz esatea. Gainera, bizikleta estatikoan kaloria ugari erre eta 204 abdominal egin ondoren, saritxo bat merezi dugu, ezta? Baina, kaloria pila duen litxarreria horietako bat hartu behar badugu, zertarako ibili gara izerdi patsetan gimnasioan?

10- Modak aldatu egiten dira
Berehala pasatuko da argaltasunaren moda, edertasun kanonen iraultza dator. Normala da; hezurrak baino, hobe haragia. Gora euskal okela! Gehiegizko argaltasuna moda kontua baino ez da. Adibidez, Marylin Monroek, sentsualitatearen ikonoetako batek, ez zuen zerikusirik egun pasareletan ibiltzen diren neskekin. Egungo aktoreei erreparatuta, George Clooney ere ez dago argalegi; dena dela, ez dago batere gaizki, ezta?

11- Lerde-merkeak
Gimnasioetan topa dezakegun pertsonaietako bat da lerde-merkea. Egun osoa bertan pasatzen dute, gihar izerditsuak harro erakusten eta inguruko neska-mutilei begira. Horrelakoak saihesteko, gimnasiora ez joatea, nahikoa.

12- Ispiluaren gatibu
Dieta azkarrek osasuna kaltetzen dute. Pomeloa, orburuak… jaki osasuntsuak dira, jakina, baina elikadura ezin da horretan oinarritu. Janarekiko obsesioak sor daitezke, bat-bateko gosealdi gogorrak eta 'debekatutako' jakiei buruzko ametsak… Gatibu ibiltzea da hori!