'Ispilua' antzerki obraren azken emanaldia maiatzean

'Ispilua' antzerki obraren azken emanaldia maiatzean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ispilua-antzerki-obraren-azken-emanaldia-maiatzean/@@download/image/ispilua_1366968555.jpg
2013/04/26
erreportajea
'Ispilua' antzerki obraren azken emanaldia maiatzean
Donostiako Doka Kafe Antzokian izango da datorren hilaren amaieran. Oraindik behin betiko data finkatzekotan dira –maiatzaren 30erako aurreikusi zuten arren, greba orokorrerako deialdia tarteko mugitu egingo dute–, baina Aldatzen Laguntzen antzerki taldeak sorpresaz beteriko gaua prestatuko du bere bigarren lana izan denaren aurkezpen bira ixteko.


Maitasunari buruz hausnartzera gonbidatzen duen komedia dramatikoa da Ispilua. Bikoteen eboluzioa zer nolakoa den erakutsi nahi du Aldatzen Laguntzen antzerki taldearen obrak, "larunbat gau batez elkar ezagutzen dutenetik euren bizitzak zeharo finkatu eta definitzen dituzten arte". Eta erabakiek autentikoak eta borondatezkoak izan behar dutela aldarrikatu nahi du, horretarako, simil gisa, antzezlan baten gidoia prestatzen ari diren bi aktore (Saioa Royo eta Ion Martinez) baliatuta.

Ion Martinezek idatzitako lana Euskal Herri osoko kultur etxe eta gaztetxeetan barrena dabil biran, eta datorren maiatzaren amaieran –data zehazteko dute oraindik greba orokorrerako deialdiari loturiko azken orduko aldaketak tarteko– egingo dute azken emanaldia Donostiako Doka Kafe Antzokian.

Aldatzen laguntzen


Aldatzen Laguntzen antzerki taldea Ion Martinezek sortu zuen 2010 urtean, eta Oteiza =/= Gizartea izan zen aurreneko obra. Orduko hartan, jakina, Oteiza izan zen protagonista, eta haren argikaria ere bai, bien arteko solasaldia izan baitzen, gizartea aldatzeko egileak zituen usteetan oinarritutako gidoia baitzuen ardatz. Obrak hirugarren saria eskuratu zuen Donostiako Gazte Antzerki topaketetan eta gerora hamasei emanaldi egin zituzten Gipuzkoan barrena.
 Ispilua, beraz, taldearen bigarren egitasmoa da.

Ion Martinez: "Ez dugu mezurik gabeko antzerkia ulertzen"


Nondik nora doa gaur egun antzerki talde berri bat sortzearen abentura?

Zailena ez da talde berri bat sortzea, mantentzea baizik. Horretarako asko landu behar da taldekideen arteko harremana eta lanerako duten hitzarmena. Eta hori mimatu eta mantentzea oso garrantzitsua da. Azken finean, motibazioa da alde batetik bestera taulaz taula mugitzera eramaten zaituena, ordu txikitan etxera iristen eta obra egiten duzun bakoitzean gozatzera eramaten zaituena. Argi dago antzerkia ez dela masa handiak mugitzen dituen artea, baina guretzako adierazpen bidea da, gure ideiak eta pentsamolde helarazteko modua.
 
Ze balorazio egiten duzue orain arteko bideaz?

Ederra. Hori litzateke hitzik aproposena. Ederra baita erronka bat izan eta betetzea. Eta batez ere disfrutatzea. Antzerkia eraman dugu normalean antzerkia programatzen ez duten toki askotara, euskarazko antzerkia gerturatu dugu eta hori oso garrantzitsua da. Guk gure lana erakutsi dugu eszenatoki batetik bestera, eta haiek guri erakutsi digute publikoa ezberdina dela toki batetik bestera. Azken batean, emanaldiek galdatzen duten esfortzua ikusi eta gure haragitan bizi izan dugu, horrek dakarren irakaspenarekin.


Zer moduzko erantzuna izan dute zuen bi obrek?

Beno, Oteiza =/= Gizartea antzezlana neuk idatzi eta taularatutako lehen antzezlana zen. Orduko hartan oso murgilduta nenbilen Oteizaren munduan, eta intentsitate eta sentimendu horiei guztiei irtenbide bat eman nien antzerkiaren bitartez. Gaia eta pertsonaia ez ziren errazak, baina jendea lotzea lortu nuen eman nituen hamasei emanaldietan, Oteiza eta bere pentsaera publikoarengana hurbilduz. Bestetik, Ispiluak salto kualitatibo handia eman dugula iruditzen zaigu. Jendeak gustuko duela komentatzen digu eta batez ere gertukoa sentitzen dutela obran gertatzen dena. Nork bere burua edota ondokoa ikusten du identifikatuta gidoian islatzen diren gaiekin. Behin neska kuadrila batek proposatu zigun obra ondoren mahai-inguru bat egiteko, denon artean hitz egiteko Ispiluan jorratzen diren gaiei buruz. Barreak, irribarreak eta negarrak ikusi ditugu eszenatokitik ere.

Ausartuko zinateke esaten badutela zerbait komuna?
Ez dugu mezurik gabeko antzerkia ulertzen. Gurea herrikoia da, herriarentzat eta herriak ulertzeko moduan egina. Bestalde, gizarte gaiak jorratzen ditugu ikuspegi kritikotik, hausnarketa sustatuz.

‘Ispilua’-ren aurkezpen bira amaituko duzue maiatzean. Zer ari zarete eskaintzen taula gainetik?

Alde batetik gu bezalako antzerki talde batek nola lan egiten duen ikusteko aukera dago. Eta bestetik, jendea bikote harremanen inguruan pentsatzen jar dadin nahi dugu. Nola sortzen diren, nola askotan ez diren ondo ateratzen, horren zergaitia, seme alaben etorrera…

Azken emanaldiko sorpresaren bat aurreratzerik bai?

Lehenengo sorpresa data aldaketa da. Maiatzaren 30erako genuen itxia, baina greba orokorra deitu dute eta beste data bat jartzekotan gabiltza orain.