Isiltzeari uko. Kazetari palestinarrak, presiopean

Isiltzeari uko. Kazetari palestinarrak, presiopean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/isiltzeari-uko-kazetari-palestinarrak-presiopean/@@download/image/palestina_maada_1361453917.jpg
2013/03/04
erreportajea
Testua: Ane Irazabal
Okupazio israeldarraren eta Palestinar agintariek inposaturiko zentsuraren artean itota, kazetari palestinarrentzat gero eta zailagoa da kalitatezko kazetaritza egitea. Halere, lanean tinko jarraitzeko prest daudela diote.


Ramalako Al Flastinia telebistako egoitzan batu gaitu Rand Khdair aurkezle gazteak. "Kazetaritzak Palestinan duen kalitateaz zer uste dudan? Arazo gehiegi ditugu prentsa askatasuna bermatu ahal izateko". Okupazio israeldarraz ari da Khdair; baita lurralde okupatuetan nagusi den finantza krisiaz, langabeziaz, ustelkeriaz eta banaketa nazionalaz ere.

Rand Khdairrek, ordea, Palestinako kazetarien aurpegi adeitsua erakusten du, lan finko bat dutenena, hain zuzen. 23 urteko gazteak goizeko saio bat zuzendu eta aurkezten du, urtebete eskas bete duen Al Flastinia katean.

Bestelakoa da Jerusalemgo Maath Musleh-ren kasua. 26 urterekin freelance moduan dabil eta bere lanak Al-Jazeeran zein Al Akhbar English hedabideetan publikatzen ditu. Haatik, Beyond Compromise –Konpromisotik Hatarago– blog ospetsuaren sortzaileetako bat da. Jerusalemen hartu gaitu hark, "kalea baita nire bulegoa". Bere ikuspegia oso da kritikoa. "Palestinan txantxa da kazetaritzaren profesionalizazioaz hitz egitea: ikasketa maila baxua da hemen, ekipamendua falta zaigu eta mugimendu askatasuna ere erabat mugatua dugu".

Okupazioaren gehiegikeriak
2000 urteaz geroztik 23 kazetari palestinar hil ditu Israelek, horietatik hiru Gazaren aurkako azken erasoan. Iragan azaroan Israelgo abiazioak gogor kolpatu zituen Alquds eta Al aqsa telebistetako egoitzak, baita bertan lanean ari zirenak ere. Hossam Mohamed Salamah eta Mahmoud Ali Al-Komi kameralariak, eta Mohammed Mousa Abu Eisha zuzendaria hil ziren bonbardaketetan. 
Baina, hilketez gain, palestinarrek behin eta berriz diote euren aurkako jazarpenak eguneroko joera direla. Hebrongo kazetariak dira Israelgo armadaren aldetik eraso gehien pairatzen dituztenak. "Duela hilabete bat Reuters agentziako bi kameralari palestinar kalearen erdian biluztu zituzten militarrek. Reutersek gogor salatu zuen erasoa, baina zer gertatzen da hedabide handien babesa ez duten freelance kazetariekin?".

Hori da, hain zuzen, Muslehri gertatzen zaiona, izugarrizko babesgabetasuna sentitzen duela aitortu digu: "Israelenzat ez gara kazetariak, ekintzaileak baizik. Etsaiak bagina bezala jokatzen dute gurekin", diosku.

Abbasen zaindariak
Prentsa askatasuna garaian garaiko arazo politikoen biktima izan ohi da, eta Palestina ez da salbuespen bat. Okupazio israeldarrak ito egiten ditu eta, horretaz gain, lurralde okupatuetan agintzen duten bi Gobernuek hedabideak erabiltzen dituzte haien propagandarako. Kritikak ez dira ongietorriak, ez Gazan ezta Zisjordanian ere. 2007ra jo behar dugu kazetaritzaren egungo krisia ulertzeko. Fataren eta Hamasen arteko gerra zibilak politikoki banatu zituen Zisjordania eta Gaza. "Mehatxuak, atxiloketak, materialen konfiskazioak, kaleratzeak... bi alderdiek zentsura zinez gogorra ezarri zuten. Lehen biktimak kazetariak izan ziren", uste du Muslehk.

Testuinguru larri hartan sortu zen prentsa askatasuna bultzatzea helburu duen Maada elkartea. Mousa Rimawi zuzendariak bertako ateak ireki dizkigu. "Beharrezkoa da erakunde independente bat edukitzea, izan ere, Palestinako Kazetarien Sindikatuak Fataren bozeramaile lana egiten du Zisjordanian, eta Hamasena Gazan. Ez du kazetarion eskubideen alde borrokatzen".
Kazetaritzaren krisia ulertzeko Udaberri Arabiarra ere mugarritzat jotzen dute palestinar askok. Duela bi urte Ekialde Hurbilean zabaldu ziren erreboltek mantsoago kolpatu zituzten lurralde okupatuak, baina Palestinako agintariek gogor eutsi zieten eserlekuei. Gazteek Tunisian eta Egipton izan zuten rola ikusi ostean, Gazako eta Zisjordaniako milaka hiritar batu ziren batasun nazionala eskatzeko. Poliziaren erantzuna, baina, oso izan zen gogorra. "Agintariak beldurtu egin ziren eta errepresioa areagotu zuten. Abbasen zaindariak kazetariengana eta argazkilariengana etorri ohi ziren mezu argi batekin: protestekin aurrera jarraitzen baduzue, begietara eraso egingo dizuegu", gogoratu du Rimawik. Gazte palestinarren kontrako epaiketak biderkatu egin ziren 2011ko lehen hilabeteetan.

Muslehren aburuz, inflexio urtea izan zen hura, eta nazioartetik egindako presioak "sistema poliziala" leuntzen lagundu zuen. Hala, kazetarien aurkako erasoak nabarmen gutxitu dira berriki. Palestinarrek, berriz, argi dute jazarpenak ez direla desagertu. "Telefonoz hots egiten digute kontuz ibiltzeko esanez edo gure erreportajeetako informazioa nondik atera dugun galdetuz", diosku Muslehk. Khdair-en iritziz, orain ezkutuko zentsura darabilte, eta horrek kazetarien autozentsura bultzatzen du ezinbestean: "Hau ez da Egipto. Oso lurralde txikia da Palestina eta denok ezagutzen dugu elkar. Maiz, zirkulu hurbilenetik hasten da beldurtze politika".

Sare sozialen rola
Kazetari palestinarrak ikasketak amaitu baino lehenago bilakatu ohi dira erreportari, edo behintzat hori aitortu digute elkarrizketatu ditugun gazte gehienek. Muslehk argi dauka: "Egun hain modan dagoen citizen journalism delakoa aspalditik ezagutzen dugu guk. Israelgo okupazioak haren lekuko egin gaitu".

Azken boladan, baina, "iraultza teknologikoa" bizi dutela esan digu Muslehk. Sare sozialen bidez, autozentsura desafiatu eta haien ahotsa altxatzeko aukera berriak ireki zaizkie kazetari palestinarrei. Alta, errepresioa izan da agintarien erantzuna, beste behin. Gazaren eta Zisjordaniaren artean, halere, bada desderdintasunik. "Hamasek hurbiletik kontrolatzen ditu Twitter, Facebook eta blogak. Zisjordaniako ofizialek, ordea, ez dakite Twitter zer den ere. Horregatik, Gazan kazetari gehiago atxilotu ohi ditu poliziak", uste du Muslehk.
Joumana (izen faltsua) blogari gazatarrak telefonoz eskaini digu elkarrizketa. Haren aburuz, "ulertzekoa" da agintarien beldurra, sare sozialak zeharo iraultzaileak baitira: "Okupazioak eta banaketa nazionalak bultzaturiko isolamendua gainditzen lagundu digute. Gure eguneroko bizitza partekatzeko tresna berriak dira. Muga fisikorik gabe, Zisjordania eta Gaza bat direla aldarrikatzen lagundu digute".

Zisjordanian ere Facebook-en kontrako gurutzada hasi du PANak berriki. Segurtasun indarrek sare sozial ospetsua kontrolatzeari ekin diote eta profil asko desaktibatu dituzte. Facebook kontrolatzeko politika berriak, ordea, ekarri ditu ondorio gogorragoak. Betleem 2000 irratiko George Canawati kazetariari epaiketa egin diote Betleemgo osasun departamentua Facebooken kritikatu zuelako. Alquds telebistako Mamdouh Hamamrah berriemaileak ere epaiketa luzea du begi aurrean Mahmud Abbasen karikatura bat bere profilean etiketatu ondotik. "Horrelako adibideen ostean, bi aldiz pentsatu behar dugu edozer gauza idatzi baino lehen", onartu digu Khdairrek.

Halere, arrakasta izan al dute adierazpen askatasuna mugatzeko ahalegin instituzionalek? Ezezko borobila eman digute gazte gehienek. Muslehk ez du ilusioa galdu: "Gero eta gehiago gara kazetarion rol sozialean sinisten dugunak. Lanean jarraituko dugu guk pairatzen dugun gatazka amaitu dadin laguntzeko, edo behintzat duintasuna ez galtzeko".