Isiltasunean egotea luxu berria da: honela eragiten du zaratak gure osasunean
Isiltasuna entzun ahal izatea sekula baino zailagoa da. Etxean zaudenean ere, mugikorreko jakinarazpenen zaratak hautsi lezake isiltasuna edo kanpoko autoek. Ia ezinezkoa da gure garuna eta belarriak estimulazio etengabetik aldetzean. Isiltasunean bizi eta honetaz gozatzea luxu modukoa bilakatzen ari da.
Ingurumenaren Europar Agentziaren txosten baten arabera, bost pertsonetatik bat kaltegarria den zarata mailaz inguratuta bizi dira. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera zarataren intentsitatea eta maiztasunak egunerokotasunean eragin kaltegarriak ditu osasunean.
Zarataren eragina ez da soilik buru-osasunean eta atsedenean nabaritzen, ondorio fisikoak ere izan ditzake, hala nola bihotz-taupaden maiztasuna haztea, bihotz arazoak eta presio arterial altua. Journal of the American Heart Association aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera etengabe trafikoaren zarata entzuteak diabetesa eta hipertentsioa garatzeko aukerak areagotzen ditu.
Bizilagunaren obretako daratulua gogaikarria izan liteke eta gu haserrearazi. Orduan gure gorputzak estresa sentitzen du eta kortisala jariatu. Hormona hau gure gorputza arrisku baten aurrean prestatu behar dugunean azaltzen da, orduan sortzen da estresa. Zarata ugariko lekuetan askatzeak ordea eragin kaltegarriak izan ditzake gugan.
Askotan zaila da inguruko zaratatatik aldentzea, —batez ere hirian bizi bazara—, baina gero benetan ba al dakigu isiltasunean egoten, ezer egin gabe? Bakarrik gaudenean ziurrenik podcast bat edo musika entzuten ari gara. Zenbatetan utzi duzu TikTok-a irekita, eta buklean, soinuren batek lagun egin diezazun?
Ez gara gai isiltasun erabatekoan eroso sentitzeko. Erosotasun hori ordea apurka-apurka eskuratu liteke kontrolatu ditzakegun zarata txikiak murriztuz; adibidez mugikorreko jakinarazpenak kenduz.
Bestalde, isiltasun momentu txikiekin lanean hasi gaitezke, batez ere gauetan edo goizetan, guztiz aktibo ez zauden momentu horietan, gure garunak eta belarriak atseden har dezaten. Ez da beharrezkoa une oro podcast bat edo musika entzuten egotea.
Onena mendiaren erdia etxe bat edukitzea da, baina hilkor gehienok nahita ere ezin dugu. Horregatik, gomendagarria da, ahal den neurrian, leku isolatuetara txangoak egitea; izan mendira edo hondartzara (neguan, noski), isiltasunaren luxuaz gozatu ahal izateko.
