Isabelle Huppert, Zinemaldiko karteleko protagonista

Isabelle Huppert, Zinemaldiko karteleko protagonista Lehenbizikoz, Donostiako zinema jaialdiak aktore bat erabili du kartel ofizialerako; zer iruditzen? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/isabelle-huppert-zinemaldiko-karteleko-protagonista/@@download/image/f2_7312.jpg
2018/08/30
berria
Lehenbizikoz, Donostiako zinema jaialdiak aktore bat erabili du kartel ofizialerako; zer iruditzen?
Isabelle Huppert, Zinemaldiko karteleko protagonista

Argi dago Donostia Zinemaldiak motorrak martxan jarri dituela; hilabete baino gutxiago falta da zinemaren festa handia has dadin, eta gaur aurtengo edizioko poster ofiziala aurkeztu dute. Hala, lehen aldiz aktore bat izango da Zinemaldia ordezkatzeko irudia: Isabelle Huppert aktore frantziarra. Antolatzaileek adierazi dutenez, posterrak Zinemaldiaren identitate grafiko berriaren ildoari jarraitzen dio. Hala, kartel guztien konposizioan argazkiak eta ilustrazioak uztartzen dira. Antzezlearen zuri-beltzeko irudia sailen kolore-lerroei gainjarri zaie.

“Zinemaldirako ohore handia da oraindik jardunean den eta urtero film zoragarriak ekartzen dizkigun munduko antzezle onenetako batek Donostia Zinemaldiaren irudia izatea onartu izana", adierazi du Zinemaldiaren zuzendari Jose Luis Rebordinosek. Donostian haren 15 film inguru programatu dira. Bai Europako bai Amerikako bai eta Asiako zuzendari onenekin aritu da lanean; besteak beste, Jean-Luc Godard, Michael Haneke, Mia Hansen-Løve, Raúl Ruiz, Brillante Mendoza, Paul Verhoeven, David O’Russell, Hong Sangsoo, Hal Hartley, Claire Denis, François Ozon, Olivier Assayas, Rithy Panh, Andrzej Wajda, Joseph Losey, Diane Kurys (Coup de foudre filmean, Fipresci sariduna 1983an Donostian), Michael Cimino, Bertrand Tavernier, Otto Preminger eta aurrez aipatutako Claude Chabrolekin.

Kartel ofizialaren 1.000 ale inprimatuko dira, eta saltokietan eta Zinemaldiaren ohiko guneetan banatuko dira. Katalogoaren eta filmez filmeko gidaren azalean ere agertuko da.