Isabel Coixeten hemezortzi film emango dituzte Bilboko Azkuna Zentroan

Isabel Coixeten hemezortzi film emango dituzte Bilboko Azkuna Zentroan 'Things I Never Told You' eta 'A los que aman' filmak proiektatuko dituzte bihar. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/isabel-coixeten-hemezortzi-film-emango-dituzte-bilboko-azkuna-zentroan/@@download/image/FotogramaCosasQueNuncaTeDije.jpg
2024/04/22
'Things I Never Told You' eta 'A los que aman' filmak proiektatuko dituzte bihar.
Isabel Coixeten hemezortzi film emango dituzte Bilboko Azkuna Zentroan

Zuzendaria kameraren atzean izenburupean, Isabel Coixeti eskainitako zineman zikloa egingo du Bilboko Azkuna Zentroko Zinematekak. Coixet (Bartzelona, 1960) gidoilari eta zinema-zuzendariak fikziozko filmak, dokumentalak eta film laburrak egin ditu. Goya sari gehien dituen emakumezko zinemagilea da, eta European Women's Audiovisual Network-eko ohorezko presidentea. 

Zikloa bihar hasiko da, eta bi film luze emango dira. Lehena, 17:30ean, Things I Never Told You (1996) izango da, ingelesez egin zuen lehen filma, Berlingo Zinemaldian aurkeztutakoa, eta zinemagintzaren industriaren ateak ireki zizkiona. Ondoren, 19:30ean, A los que aman (1998) proiektatuko dute. Maitasunaren sufrimendua dute biek kontakizunaren baitan.

Hurrengo saioan, bi dokumental eskainiko dira. Viaje al corazón de la tortura (2003) dokumentala Balkanetako gerran Sarajevon filmatutakoa da, giza torturaren inguruan. Bestea, Parler de Rose, prisonnière de Hissène Habré (2015), Txadeko diktadore ohiak, Hissène Habrék, kartzelatutako eta torturatutako pertsonen borroka erakusten du.

Cartas a Nora (2007) film laburrak parasitoek eragindako Chagasen gaixotasunaren berri ematen du eta La huella de tu voz (2011) lan luzeak, berriz, bularreko minbiziaren errealitaterik positiboena islatzen du.

Aral, el mar perdido (2010) filmean, Asia Erdialdeko Aral itsasoaren lehortze-prozesuak ekarritako hondamendi pertsonala, ekonomikoa eta ingurumenekoa kontatzen da, eta Marea Blanca (2012) filmean, berriz, 2003ko Prestige-ren hondamendian Galiziako itsasertza garbitzeko dena alde batera utzi zuten 300.000 lagunetako batzuei ematen die ahotsa. 

Era berean, The secret life of words (2005), My life without me (2003), Elegy (2008), No es tan fría Siberia (2016), Nadie quiere la noche (2015), Ayer no acaba nunca (2013), El sostre groc (2022), The bookshop (2018), Un corazón roto no es como un jarrón roto o un florero (2016) eta Nieva en Benidorm (2020) ere ikusi ahal izango dira.

Filmak jatorrizko bertsioan proiektatuko dituzte, gaztelaniazko azpitituluekin, eta, zikloko bi film luzetan, euskarazko azpitituluekin ere bai: Nadie quiere la noche eta The bookshop. Filmak emandako aste horretako ostegunean ikusi ahal izango dira berriro.