Isabel Coixet eta Jose Antonio Bayona izango dira 'Zinegileen arteko elkarrizketak' zikloaren hirugarren edizioan

Isabel Coixet eta Jose Antonio Bayona izango dira 'Zinegileen arteko elkarrizketak' zikloaren hirugarren edizioan Negu Hurbilak filmeko kideena izango da lehen saioa, urtarrilaren 9an. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/isabel-coixet-eta-jose-antonio-bayona-izango-dira-zinegileen-arteko-elkarrizketak-zikloaren-hirugarren-edizioan/@@download/image/negu.jpg
2023/12/19
Negu Hurbilak filmeko kideena izango da lehen saioa, urtarrilaren 9an.
Isabel Coixet eta Jose Antonio Bayona izango dira 'Zinegileen arteko elkarrizketak' zikloaren hirugarren edizioan

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak, Koldo Mitxelena Kulturunearekin batera, Zinegileen arteko elkarrizketak zikloaren hirugarren edizioa antolatu du. Negu Hurbilak filmeko taldea, Víctor Iriarte eta Carlos Muguiro, Elena Martín, Laura Ferrés eta Javier Macipe, Isabel Coixet eta Sara Mesa, JA Bayona eta Belén Atienza, Belén Funes eta Marçal Cebrián eta Isabel Herguera eta Pablo Bergerrek parte hartuko dute edizio honetan. Zazpi saio izango dira guztira, eta zinegileak beren ohiko kolaboratzaileekin elkarrizketan ariko dira, "film baten ekoizpenaren eta errealizazioaren ikusten ez diren alderdiak hobeto ulertzeko gako berriak emateko". 

Taldean zuzentzeari buruz arituko dira Negu Hurbilak filmeko zinemagileak urtarrilaren 9an; zinema eta beste diziplina batzuk izango dituzte hizpide Víctor Iriartek eta Carlos Muguirok otsailaren 13an; Elena Martín, Laura Ferrés eta Javier Macipek lehen operak izango dituzte gaitzat otsailaren 27an; literatura egokitzapenez arituko dira Isabel Coixet eta Sara Mesa, martxoaren 7an; zinema idazteaz hitz egingo dute Belén Funesek eta Marçal Cebriánek maiatzaren 7an; animazioaren egoeraz solastuko dira Isabel Herguera eta Pablo Berger, eta filmak ekoizteaz JA Bayona eta Belén Atienza, oraindik zehaztu gabeko datetan. Saio guztiak 19:00etan egingo dira, Koldo Mitxelena Kulturuneko Santa Teresa komentuko ekitaldi-aretoan, eta dohainik izango dira.

Prestakuntza saioak
Prestakuntzari ere egingo diote tartea. Aldez aurretik doako matrikula egiten dutenek Una semana programan parte hartu ahal izango dute apirilaren 8tik 11ra. Programazioaren lanbidearen inguruko proiekzioak eta bestelako ekitaldiak biltzen dituen proposamena da. Era berean, martxoaren 4tik 7ra, Rick Prelinger artxibozain, zinemagile, idazle eta hezitzaileak emango duen tailerra ere egingo dute. Tailer hori artxiboko ikus-entzunezko materialen inguruko esku-hartzeari eta muntaketari buruzko tailer praktikoa izango da. Tokiko film artxiboetatik abiatuta, lurraldeari buruzko film dokumental kolektibo bat osatuko dute astebeteko tailerraren amaieran.