Iruzur berriak Sarean

Iruzur berriak Sarean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iruzur-berriak-sarean/@@download/image/20122281988arga_1360827520.jpg
2012/03/02
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez
Argazkiak elkarbanatzen dituzte; baina aldez aurretik irudi horien egile eskubideak ongi baino hobeto lotuta dituzte, ondoren hauen erabiltzaileak gertutik jarraitu eta salatzeko.  

Mota guztietako iruzurtiak ezagutu izan ditugu. Internetekin batera, baina, 'espezie' berriak sortu dira, bizkorragoak. Sarean aurrera eramateko moduko makina bat tranpa asmatu dituzte, beti ere poltsikoak betetzeko. Ezagunena Phising deritzona da eta banketxeen webguneak klonatzean datza. Ziberlapurrek zure banketxearen atariaren kalko bat garatzen dute, eta honela, gune horretan saioa hasten duzunean, zure erabiltzaile izena eta pasahitza eskuratzen dituzte.

Baina badira beste hacker batzuk iruzurra makillatuta enpresa legal baten antzera lan egiten dutenak; buruari pixka bat gehiago eragin eta egile eskubideetan oinarrituz iruzur mota desberdin bat jarri dute martxan: argazkiak alokatzen dituen negozio 'legala' sortu dute. Esate baterako, argazkiz eta irudiz jositako datu basea duen webgune bat garatzen dute. Argazki hauen guztien egile eskubideak web orrialdearen jabe den enpresa ustez legalak ditu, eta diru truke alokatzen dizkie web garatzaileei. Ondorioz, alokairua ordaintzen duen webmaster bakoitzak bere orrialdean irudiak txertatzeko aukera izango du. Honaino, dena legala. Baina badator tranpa.

Iruzurtiek sarean irudiak eta fitxategiak banatzeko erabiltzen diren aplikazio eta zerbitzarietara beraien argazkiak igotzen dituzte. Honela, beraien egile eskubideak dituzten argazki eta irudiak Sarean zehar sakabanatzea lortzen dute. Horrenbestez, web garatzaileei zuzendutako iruzurraren amua prest dago. Web garatzaileek, euren guneen diseinua osatzeko, Interneten eta fitxategiak elkarbanatzeko aplikazioen bidez argazki eta irudi interesgarriak bilatzen dituzte. Honela, ohartu gabe, aipatutako egile eskubideak dituzten argazkiekin egiten dute topo eta erabili egiten dituzte egile eskubideak urratzen ari direla jakin gabe.

Azken pausoa falta da soilik. Hackerrek Sareko webguneak eskaneatzen dituzten programak garatu dituzte. Modu honetan, beraien argazkiak non eta noren esku dauden jakiteko gai dira. Argazkiaren erabiltzaileak ez badu zegokion alokairua ordaindu... zast! Ziberlapurrak erabiltzaile horrekin edo bere enpresarekin jarriko dira harremanetan, eta izugarrizko diru kantitate handia eskatuko diote salaketa ez jartzearen truke. Gehienetan, epaiketak saihesteko, eskatutako dirua ordaintzen dute 'biktimek'.

Honelako tranpetan ez erortzeko, komeni da gauza bat argi izatea: lizentzia idatzita ez duen edozein argazkik edo irudik egile eskubide guztien babesa dauka de facto. Hau da, Copyright lizentziapean daude. Ondorioz, hauek erabili nahi baditugu, jabearen baimena beharko dugu. Horregatik, beste lizentzia mota bat duen materiala erabiltzea da egokiena, Creative Commons adibidez. Beraz, webgune bat garatzerako garaian, search.creativecommons.org bezalako orrialdeak balia ditzakegu irudiak aurkitzeko, gure beharren arabera gauzatuz bilaketa eta etorkizunean arazorik izango ez dugula ziurtatuz.

KATXONDOENA



www.google.com/doodles 
Googlek bere aurkezpen orrialdeko logoa apaintzen du eguneko gertakari edo urteurren aipagarrien arabera. Irudi hauek Google Doodle (zirriborro) dute izena, eta urteetan zehar erabilitako guztien bilduma aurki dezakegu web honetan.

INFORMAZIO BILA



www.flickr.com/creativecommons
Creative Commons lizentziapeko argazki eta irudien galeria.

HARRITU GAITU



www.enthread.com
Argazkiak online editatzeko doako tresna. Editatu nahi dugun argazkia webgunera arrastatu eta, egin beharreko aldaketak egin ondoren, gorde eta partekatu.