Iruritan hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa
46. Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen final-laurdena Iruritako Gizarte Bilgunean jokatuko da larunbatean, 17:30ean hasita. Maialen Belarrak aurkeztuko du saioa, eta sei bertsolari arituko dira kantuan: Saioa Alkaiza Guallar, Eneko Fernandez Maritxalar, Sarai Robles Vitas, Idoia Granizo Uribarrena, Ekain Alegre Gil eta Egoitz Gorosterrazu Elizagoien.
Saioko irabazleak zuzenean lortuko du finalaurrekoetan egoteko txartela; zehazki, Altsasukoan. Beste bertsolariek, final-laurdenen fase osoa bukatu arte itxaron beharko dute, sailkatzerik duten ala ez jakiteko.
Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Egunean bertan ere salduko dira leihatilan, 16:00etatik aurrera, aurrez Interneten agortu ez badira.
Finala, abenduaren 2an Iruñean
29 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta aurre-kanporaketak igarota, 24 izango dira Iruritan abiatuko den ibilbidean. Guztira, zortzi saio izango ditu txapelketak.

Iruritako final-laurdenaz gain, beste hiru izango dira honako herrietan: Vianan, Uharten eta Agoitzen. Hor ariko diren 24 bertsolarietatik 18k egingo dute aurrera, finalaurrekoetara. Fase horretan hiru saio izango dira, Altsasun, Agoitzen eta Lesakan. Azkenik, Iruñean jokatuko da finala, abenduaren 2an, Anaitasuna kiroldegian. Zortzi bertsolari ariko dira bertan, finalaurrekotatik sailkatutakoak. Zortzi horien artean, saioan zehar puntuaziorik altuena lortzen duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute, eta orduan erabakiko da zein izango den aurtengo txapelduna.
