Iruñerriko Euskalerria irratiak zure babesa behar du

Iruñerriko Euskalerria irratiak zure babesa behar du https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irunerriko-euskalerria-irratiak-zure-babesa-behar-du/@@download/image/euskalerria_2_1361866674.jpg
2013/02/26
berria
Iruñerriko Euskalerria irratiak zure babesa behar du
Joan den urtarrilean Nafarroako Gobernuak Euskalerria Irratia enegarrenez lizentziarik gabe utzi zuenetik, Iruñerriko irrati euskaldunaren atzean dauden langileek tinko jarraitzen dute bere aldarrikapen kanpainarekin. Orain, gainera, urteko ekarpen garrantzitsuena egiten zuen erakunde baten diru-laguntza galdu dute krisiaren ondorioz, eta aurrekontua orekatzeko laguntza behar dute.


Emititzen orain dela 25 urte hasi zenetik, Euskalerria Irratia lau aldiz aurkeztu da irrati lizentzien lehiaketara. Iragan urtarrilaren azken hondarretan, Yolanda Barcina buru duen Gobernuak laugarren deialdi honen ondorioen berri eman eta, Europaren esanari muzin eginez, Euskalerria Irratiari emititzeko baimena ukatu diola jakinarazi zuen. Lau puntugatik ez zuen lortu, SER eta COPE taldeen atzetik. Nafarroako Gobernuak euskararen erabilera "gutxietsi" egiten duela salatu zuten irratiko arduradunek eta, lizentziak banatzeko prozesua eten eta berrikusteko eskaera egin duten arren, Nafarroako Gobernuak berriki jakinarazi du ez duela halakorik egingo.

1988az geroztik, 25 urte hauetan egin bezala, beraz, Euskalerria Irratiak "entxuferik gabe" emititzen jarraitu beharko du. Baina langileek eta entzuleek argi dute Iruñerrian euskarazko komunikabideen beharra dagoela eta, horregatik, aurrera jarraitzeko konbentzimendua dute. Hala ere, herritarren eta erakundeen babesa behar dute horretarako; izan ere, Yolanda Barcinaren Gobernuaren jokabideari diru iturri garrantzitsu baten galera gehitu zaio: krisi egoeraren ondorioz, urteko ekarpen garrantzitsua egiten zuen erakunde baten diru-laguntza galdu dute. Orain, inoiz baino gehiago, Euskalerria Irratiak bazkide gehiago, publizitate kontratu gehiago eta laguntza-bonu gehigo behar ditu.

Nola lagundu?

Bazkide egin zaitezke.
– Zure elkartea Erakunde Baimen Emaile bihur dezakezu.
Laguntza-bonuak eros ditzakezu 5 euroren truke.

25 urte entxuferik gabe


Iruñerriko irrati euskalduna 1988an hasi zen emititzen, orain dela 25 urte, eta horretan dihardu edonolako erakunde ofizial, alderdi politiko edo indar ekonomikorekiko menpetasunik gabe. FMko 91.4 frekuentzian emititzen du egunaren 24 orduetan; bere programazio propioa du hainbat orduz, eta gainerakoetan Euskadi Irratiaren seinalea igortzen du. Plantillako langile profesionalez gainera, arlo guztietako kolaboratzaile andanaren ahotsa entzun daiteke programetan: 200dik gora. Online ere entzun daitezke zuzeneko nahiz grabatutako programak: euskalerriairratia.com