Iruñeko Zinema eta Ingurumeneko Nazioarteko Jaialdiak dokumentalak eta film laburrak eskainiko ditu datorren astean
Ecozine Film Festival Nazioarteko Zinema eta Ingurumen Jaialdia apirilaren 8tik 11ra egingo dute Iruñean. Ingurumenari buruzko dokumentalak eta film laburrak proiektatuko dira, eta zuzendariekin hitz egiteko aukera ere izango da. Sail Ofiziala herritarrei irekia da eta Golem Baiona zinema-aretoetan ikusi ahal izango dira filmak, 19:30ean, dohainik.
Astelehenean, apirilaren 8an, Andrew Niskerren Nuked (Bonbardatua) film dokumentala emango dute. AEBek Ozeano Bareko atoloi batean eginiko proba nuklearrak eta bertan bizi zirenentzako izandako ondorioak erakusten ditu pelikulak. Gerra Hotzaren garaian, Estatu Batuek 67 arma nuklear leherrarazi zituzten Marshall uharteetako Bikini atoloian, eta ondorioek lau belaunaldi geroagoko herritarrengan ere eragina dute.
Will Parrinelloren Water for life (Bizitzarako ura) proiektatuko dute asteartean. Txile, Honduras eta El Salvadorren proiektu hidrauliko eta meatzaritza-proiektu handiek eragindako gatazkak ageri dira bertan.
Tokiko ekoizpenen saila izango du aurtengo edizioak eta Oskar Alegria iruindarraren Zinzindurrunkarratz film berria emango dute asteazkenean. Zinemagileak bere herriko artzainek mendietara iristeko erabiltzen zuten itzainen bidea egitea erabakiko du, baina ez du ibilbide zehatza adieraz diezaiokeen inor bizirik aurkitzen. Bere familiako super-8 kamera zaharrarekin bidaia filmatzea ere bada bere asmoa, baina 41 urtez erabili gabe egon ondoren, ezin duela soinurik grabatu konturatuko da.
Lucia Castillon eta Ana Valle del Rioren Donde quisimos vivir dokumentala ikusi ahal izango da ostegunean. Urtegiek mehatxatu edo zapuztu zituzten Aragoiko herrien iraganeko eta oraingo bizitza gogorarazten du lanak. Martin Romeroren To bird or not to bird eta Miriam Martinen Vuelta a Riaño film laburrak ere proiektatuko dituzte egun berean.
Saio bakoitzaren amaieran, filma sortu duen taldearekin topaketa egingo da, bizi izan dituzten esperientziak eta egoerak konta ditzaten.
Gazte-atala
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta heziketa-zikloetako 1.113 ikaslek parte hartuko dute Gazte atalean. Gure ohiturek ingurumenean dituzten ondorioei buruzko film laburrak ikusiko dituzte, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin.
