Iruñeko scholastici

Iruñeko scholastici https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iruneko-scholastici/@@download/image/2p24-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Asier azpilikueta
Anitzetan kantatzen da "Gaudeamus igitu" memelo hori Iruñean. Izan ere, hiru universitatis ditugu hiri ttiki honetan: Publikoa, Opusekoa eta Urrutikoa; hau da, 20.000 unibertsitaritik goiti. Freddy Kruger eta bere lagunek erraza dute Iruñean, gazte unibertsitari buruarin andana akabatu nahi badute.

Lehenik eta behin, erran dezagun gazte unibertsitariak estudianteak direla (scholastici) eta ez ikasleak. Egun, unibertsitatean estudiatu bertzerik ez da egiten. Azterketak gainditzeko estudiatzen da, titulua poltsikoratzeko. Izan ere, estudiatzea neketsua bada, are gehiago ikastea, arreta eta jakinmina eskatzen baititu. Eta unibertsitariak ez daude hemen horretarako. Estudiatzea bizitza errealean sartzeko tenorea atzeratzea da. Hobe da momentua, unea, ongi bizitzea eta gero gerokoak. Zera, Robin Willians poeta hiltzaileak erran zuen bezala, carpe diem.
Axioma hau onartuz gero, ulertuko dugu nola gazte unibertsitariek Iruñea zahar honetara desoreka soziologikoa dakarten. Euren liburutegietan, porlanezko eraikin hotzetan, geldituko balira, ongi; baina ez, campusetatik ateratzen ausartzen dira! Eta are gehiago, makina bat jai eta poteo antolatu eta hagitz ongi pasatzeko adorea dute!
Prototipoak
Tira, harira. Goazemazue unibertsitate publiko eta pribatuko estudianteak konparatzera, horretarako idatzi baitugu hau.
Gogora ekar ditzagun Opuseko unibertsitateko estudianteak. Neskak ile laua du, gutika horitzen doana, eta belarrietan perla bana. Jertse grisa edo urdin iluna. Alkandora urdin argia edo arrosa. Ipurdi tentea ongi markatzen dion praka meharra. Eta nautikoak oinetan. Hau da, sekulako aberaskumea. Eta mutila? Antzeko parezido. Kontua da Nafarroako Unibertsitateari esker Iruñera Espainiako gazterik jator eta onenak etortzen zaizkigula: terrateniente, señorito, militar, enpresario handi eta telebista izarren seme-alaba kutunak.
Horrelakoak dira Nafarroako Unibertsitateko ikasle guziak? Ez, bada. Badira inor baino alternatiboagoak diren neska-mutilak ere: punta-puntako marketako arropa zikina eta ordubeteko orrazkera nahasia. Tartean ere badira apaizen bat, abertzale galduren bat, Opusekoen inguruan primeran moldatzen diren erregionalista mordoa, eta EHUra joateko balentria izan ez duen iruindar koldarra.
Unibertsitate Publikoan jende normalagoa dago. Hori pentsatzea gustatzen zaigu, baina bi unibertsitateetako aparkalekuei so eginez gero, ez dago ezberdintasun handiegirik. Kotxea arimaren ispilu dela erratea gehiegitxo izan daiteke. Eta egia da unibertsitateko paretei so egiten badiegu, Publikokoek gauza gehiago erraten dizkigutela, bizirik daudela alegia.
Akaso, unibertsitarien besten antolakuntzan badago alde nabarmenik. Publikoan jaiak campusean bertan egiten dira: karpa handia, barra luzea, mus txapelketa eta alkohola parrastaka. Karpa guzien ama, Irekitze Paraleloa, azaroan egin ohi dute. Zaude adi, ez baita galtzeko moduko besta; hilaren 10ean egingo da aurtengoa. Opusekoek, ordea, euren campusean ezin dute parrandarik antolatu eta taberna modernoetara joan behar dute alkoholaz gainezka egiteko. Publikoko jaiak horixe dira, publikoak, irekiak. Eta Opusekoak horixe bera, pribatuak, pribatzeko modukoak. Tira, bada aldea. Eskerrak!

Nafarroako unibertsitatea



• 1952an sortu zuen Jose Maria Escriva de Balaguer beatoak. Opus Dei elkarte gastronomikoaren obra soziala da unibertsitatea, "kristautasunaren baloreak" gizarteratzeko modua. Eta nahi gabe edo, diru mordoa irabazteko modu ezinhobea.
•  Iaz 10.403 estudiante zeuden matrikulaturik NUn eta horietako %38 Nafarroakoak ziren eta %28,5 EAEkoak.
• Ikasketak: Kazetaritza, Medikuntza, Pedagogia, Erizaintza, Zuzenbidea, Historia, Filosofia, Teologia...
• Euskara: "¿Cómo?, ¿vascuence me has dicho?. Sí, algo de eso tenemos en el Museo de Ciencias Naturales".

Nafarroako unibertsitate publikoa



• 1987an onetsi zuen Nafarroako Parlamentuak bere sorrera eta hura finantziatzeko konpromisoa. Bi urte geroago hasi ziren klaseak.
• Iaz 10.946 estudiante zeuden matrikulaturik NUPen eta horietako %91,09 nafarrak ziren.
• Ikasketak: Mota guzietako ingenierutzak, Magisteritza, Erizaintza, Zuzenbidea...
• Euskara: Borroka latza, tovaritx. Hiru saio-porroten ostean, normalizazio plana egiteke dago oraindik.