Iruñeko 'RoofTop Cinema' jaialdiak errepideko bidaiak ardatz dituzten lau film eskainiko ditu

Iruñeko 'RoofTop Cinema' jaialdiak errepideko bidaiak ardatz dituzten lau film eskainiko ditu Astearte eta ostegunetan emango dituzte, bihartik hilaren 28ra, Baluarteko terrazan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iruneko-rooftop-cinema-jaialdiak-errepideko-bidaiak-ardatz-dituzten-lau-film-eskainiko-ditu/@@download/image/60b1c99c49e4a.jpeg
2022/07/18

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Astearte eta ostegunetan emango dituzte, bihartik hilaren 28ra, Baluarteko terrazan.
Iruñeko 'RoofTop Cinema' jaialdiak errepideko bidaiak ardatz dituzten lau film eskainiko ditu

2014ko udan jarri zuten abian Rooftop Cinema zikloa, Melbourne, New York, Londres, Perth edota Tallin hirietan izandako esperientziak Nafarroako hiriburura ekarri nahian. Bihartik hilaren 28ra aurrera bederatzigarren edizioa egingo dute, Nafarroako Filmotekak eta Baluartek antolatuta. Aurtengo ediziorako errepideko bidaien inguruko lau film aukeratu dituzte; "lau istorio, garai desberdinetakoak, hainbat pertsonaia protagonista dituztenak –gehienetan bikoteak– automobil enblematikoen barruan, eta emozioa, sinpatia, larritasuna (ia izua) eta nostalgia sentiaraziko dituztenak", azaldu dute antolatzaileek.

1934ko It happened one night  filma proiektatuko dute bihar, Frank Caprak zuzendua eta Clark Gable eta Claudette Colbert protagonista dituena. Hollywoodeko Akademiaren bost Oscar sari irabazi zituen lehen film luzea izan zen eta arrakasta handia izan zuen. 

Ostegunean, hilak 21, Bi errepidean (Two for the Road, 1967) komedia erromantikoa emango dute, Audrey Hepburn eta Albert Finney protagonista dituena. Stanley Donen zuzendariaren filmik onena dela nabarmendu dute aditu batzuek, eta Henry Manciniren soinu-banda ahaztezina du.

Deabrua gurpil gainean (Duel, 1971) filmaren txanda izango da hilaren 26an. Steven Spielberg zinemagile gazteak zuzendu zuen, eta zazpigarren artearen erreferente bihurtu zen. 

Azkenik, hilaren 28an, Paperezko ilargia (Paper Moon, 1973) film luzea proiektatuko da, Peter Bogdanovichek zuzendutako komedia dramatikoa. Film hau Depresio handiaren garaian girotuta dago, Estatu Batuetako Kansas estatuan, eta Ryan eta Tatum O 'Neal aktoreak ditu protagonista, aita-alabak bizitzan eta baita filmean ere.

Sarrerak salgai daude sei eurotan eta emanaldi guztietarako abonua, berriz, 20 eurotan. Emanaldi guztiak 22:15ean hasiko dira eta jatorrizko bertsioan izango dira, gaztelaniazko azpitituluekin. Eguraldi txarra eginez gero, Baluarteko Terrazan egin ordez, filmak eraikinaren barruan proiektatuko dira.