Iruñeko 'Kantu eta hitza' programa etzi hasiko da, Lilo taldearekin
Iruñeko Udalak antolatutako Kantu eta Hitza euskarazko musika programa etzi, hilaren 16an, abiatuko da O-ko Andre Mari plazan. Ekainaren 20ra bitarte kontzertuak egingo dituzte, ostegunetan, 20:00etatik aurrera, eta sarrera librea izango da. Euria eginez gero, Descalzos Kaleko Erraldoien Txokoan izango dira emanaldiak.
Lilo taldeak abiatuko du programa, etzi. Iruñerrian 2020. urtearen amaieran jaiotako musika taldea da. Honako hauek osatzen dute taldea: Maria Mateo, Pello Iturria, Oihane Gulina, Julen Hoyuelos, Nekane Ibero eta Irama Otero. Pop musika egitene dute nagusiki, baina rocka, indiea eta folka ere nahasten dituzte. Bere lehen diskoa kaleratu berri dute, Nora goazen jakin gabe izenekoa.

Alarma Morea taldea arituko da maiatzaren 23an. 2019an hasi zuten ibilbidea eta Ainhoa eta Uxue Plagaro ahizpek, Amets Albisuk, eta Nuria Cullak osatzen dute taldea. Runba flamenkoa dute estilo nagusi, baina bestelako fusioak ere egiten dituzte. Genero zapalkuntzari aurre egiteko musika eta letrak erabiltzen dituzte, kontzientziak landu, ahaldundu eta espazioak berreskuratzeko.
Bidaide taldearen txanda izango hilaren 30ean. Azken urteotako kanten hitzak baliatuz Pasaportea liburuxka argitaratu zuten iaz. Abesti soil eta biluziak dituzte abiapuntu, gerora lagunarteko giroan hainbat soinu-arlotara bideratzen dituztenak.
Ekainaren 6an, Esanezinek Erretratu diskoa aurkeztuko du. Egunerokotasunari, priblilegioei, hautuei, beldurrei, zauriei kantatzen die bertan, "ezinbestean gure begiek ikusten dutenari eta zenbaitetan ikusten ez dutenari erretratu bat egitearen beharra gordetzen da kantuetan".

Gari eta Maldanbera izango dira Iruñean ekainaren 13an. Behin bizitzea azken lana erakutsiko du. Diskoko kantuen bidez "dagokigun bizitza bizitzearen garrantzia" aldarrikatu du, "hausnarketa eta autokritikekin, kide garen komunitatearen parte aktibo izanda eta maitasuna emanda".
Azkenik, ekainaren 20an, Kerobiak joko du, eta energiaz beteriko euren kantu ezagunenak eta kantu akustikoak tartekatuko dituzte.

