Iruñeko Alde Zaharreko memoria berreskuratzeko liburua kaleratu nahi dute

Iruñeko Alde Zaharreko memoria berreskuratzeko liburua kaleratu nahi dute Auzo ekimenak crowdfunding kanpaina bat du martxan, bertako mugimenduaren historia kontatzen duen liburua finantzatzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iruneko-alde-zaharreko-memoria-berreskuratzeko-liburua-kaleratu-nahi-dute/@@download/image/santa-ana-proyecto.jpg
2021/09/08

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Auzo ekimenak crowdfunding kanpaina bat du martxan, bertako mugimenduaren historia kontatzen duen liburua finantzatzeko.
Iruñeko Alde Zaharreko memoria berreskuratzeko liburua kaleratu nahi dute

Auzolanean, Historia idatziz proiektuak Iruñeko Alde Zaharreko auzo mugimenduaren historiaren memoria ikertu eta berreraiki nahi du, 40 urte baino gehiagoko tartea hartuta. Auzokide ohien, biztanle gazteenen eta berrienen ezagutzari balioa eman nahi diote horrela. Inplikazio kolektiboaren bidez, memoria bizia berreskuratu eta, aldi berean, gogoeta egin eta etorkizunera begiratzeko balio duen liburua argitaratzea da asmoa.

Proiektua duela bi urte hasi zuten, Alde Zaharreko gizarte eta kultura ondare immateriala berreskuratu, aztertu eta zabaltzeko interesa zuen talde eragile bat sortuz. Euren hitzetan, "prozesu kolaboratiboa, inklusiboa eta parte-hartzailea da, eta auzotarrak, beste elkarte eta talde batzuk eta ostalaritzako eta auzoko saltoki txikietako ordezkariak inplikatzen dira".

Liburua "erreferentziazkoa, erakargarria, eta atsegina" izango dela nabarmendu dute, "bildutako informazio guztia erraz aurkitzeko eta borrokak, lorpenak eta porrotak gogora ekartzeko".  "Hausnarketarako eta eztabaidarako" balio izatea espero dute, eta "Alde Zaharra hobetzen laguntzeko". Era berean, parte-hartze aktiboa sustatu eta auzoko kide izatearen sentimendua indartzeko ere baliagarria izango dela uste dute.

Diru-bilketa
Finantzaketan laguntzeko crowfunding-a jarri dute martxan. 18.500 euro lortzea izango litzateke helburu gorena eta 7.000ra bidean dira oraingoz. Ohikoa izaten den moduan, diru-ekarpenaren arabera, ordainsari ezberdinak daude. Horretaz gain, kolaborazioa ere eskatzen dute, azken 50 urteetako testigantzak, dokumentazioa edota argazkiak bidaltzeko.