Iruñean paratutako Oaia Peruarenaren ‘Substantzia’ erakusketak abstrakzioa eta kromatismoa uztartzen ditu
Oaia Peruarena artistaren Substantzia erakusketan kromatismoa, abstrakzioa eta konposizioa dira obren ardatz, eta antolatzaileek azaldu dutenez, "egilea koloreaz baliatzen da unearen intentsitatea adierazteko eta trazuaz obra ordenatzeko".
Peruarenaren hitzetan, “hasiera batean marrazketan, kolorearen ulermenean eta konposizioan sakontzea izan zen nire interesa; ondoren, hizkuntza propio bat, identitate bat, bilatzea”. Une hartan, egileak miresten zituen pinturak behatzen ari zela, ‘substantzia’ hitza agertu zitzaion, "komunean zuten ezaugarri gisa, izateko beste ezer behar ez zuten berezko identitate bat bezala".
Erakusketak olanean, mihisean, paperean edo artisau-paperean egindako obrak biltzen ditu, batzuk bi metro ingurukoak eta beste batzuk, paperezkoak, formatu txikiagokoak. Peruarenak olio-pintura eta akrilikoa erabiltzen ditu bere pintura-sorkuntzak egiteko.

Oaia Peruarena Tellechea (Irun, 1972) Beran bizi da. Lehenengo pintura eskolak Ignacio Larramendiren eskutik jaso zituen,eta Zaharberritzen ere ikasi zuen modu autodidaktan. Hasieran, pintore inpresionisten eta posinpresionisten begiradetatik –Van Gogh, Monet eta Cézanne kasu– hartu zuen inspirazioa, baina Esteban Vicente pintore segoviarraren obrak abstrakzioarekiko interesa piztu zion. Inpresionismo abstraktu amerikarraren eraginez, bere pintura gero eta espontaneoagoa bilakatu zen, eta intentsitateari bide eman zion. Pinturaren koloreak garrantzi handia du bere lanean, bide horretatik adierazten baitu intentsitatea.
‘Substantzia’ erakusketa otsailaren 12ra arte bisita daiteke Mistoen Eraikineko beheko solairuan, asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.


