Iruñean 400 kultur jarduera izango dira udan

Iruñean 400 kultur jarduera izango dira udan Musika, artea, dantza, zirkua eta zinea izango dira nagusi ikuskizun eta zikloetan. Ziudadela izango da kokaleku nagusia baina hiriko beste hainbat gunetan ere arituko dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irunean-400-kultur-jarduera-izango-dira-udan/@@download/image/izaro.jpg
2021/06/21

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Musika, artea, dantza, zirkua eta zinea izango dira nagusi ikuskizun eta zikloetan. Ziudadela izango da kokaleku nagusia baina hiriko beste hainbat gunetan ere arituko dira.
Iruñean 400 kultur jarduera izango dira udan

Aurten ere ez da San Ferminik izango baina udako programazio oparoa antolatu du udalak Biba Iruña bizirik!  lelopean. 400 jarduera horien artean musika, antzerkia, dantza eta zirkua izango dira eta Ziudadela izango da kokaleku nagusia. 

Musikarik ez da faltako udan Iruñean eta bertan arituko diren Euskal Herriko bakarlari eta taldeetako batzuk honako hauek izango dira: Izaro, Skakeitan, Skabidean, Zea Mays, Anne Lukin, Amaia Romero eta Kutxi Romero. Kanpokoen artean Quique Gonzalez, Don Patricio, Nil Moliner, Califato 3/4, La M.O.D.A eta Los Mejillones Tigre arituko dira, besteak beste. 800 ikus-entzulerentzako tokia izango da kontzertuetan. 

Bestelako ikuskizunak ere antolatu dituzte, hala nola erraldoi eta buruhandien konpartsak. Hiru egunetan -uztailaren 4an eta 28an, eta irailaren 4an- 20 minutuko hainbat emanaldi egingo dituzte. Emanaldiak doan izango dira tokia bete arte. Erraldoi eta buruhandiak bisitatzeko aukera ere egongo da Ziudadelako Armen Aretoan.

Horretaz gain, astelehenetan Nafarroako eta munduko arte adierazpideak izango dira Folklore hutsa zikloaren barruan; ostegunetan jazz errezitalak egingo dituzte; eta igandeetan Nafarroako banden kontzertuak. Abuztuaren 2tik 19ra, berriz, Harresietako Jaialdia abiatuko dute eta irailean Munduko Melodiak musika programa. 

Hirian barreiatua
Ziudadelatik kanpo ere izango da zertaz gozatu. Hiriko zenbait ostalaritza establezimendurekin elkarlanean, kontzertuak antolatu dituzte Iruñeko gune irekietan: zenbait plazetan, Jito Alai pilotalekuan eta Takoneran. Gune horietan joko dute, besteak beste,  Lemon y Tal, Guarimba, The Titanians etaThe Lizards taldeek. 

Ezpeletako jauregian hainbat ziklo egingo dituzte: Bertsionatzen, Kaleko Arteak, Musika familian, familientzako joko eta tailerrak, eta Zinema Gauak.

Antzerkia, musika eta dantza teknologiarekin uztartzen dituen Iruñea Ilunabarrean programa ere martxan izango da uztailean eta abuztuan. Bestetik,  Jito Alai pilotalekuan Dantza Zoroan zikloa egingo dute, kale-dantza eta dantza esperimentalari eskainitakoa. Azkenik, hiriko hainbat tokitako civivoxetan musika emanaldiak egingo dituzte.

Egitarau osoa hemen dago ikusgai.