Irundik Baionarako ibilbidea egingo du 23.Korrikak, martxoaren 14tik 24ra

Irundik Baionarako ibilbidea egingo du 23.Korrikak, martxoaren 14tik 24ra “Harro Herri” izango da leloa, euskal komunitateak euskararekiko sentitzen duen harrotasunaren adierazle eta erakusle. Bestalde, Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irundik-baionarako-ibilbidea-egingo-du-23-korrikak-martxoaren-14tik-24ra/@@download/image/2cd9d1d7bb30511eb4cd517c131ae148_XL.jpg
2023/11/17
“Harro Herri” izango da leloa, euskal komunitateak euskararekiko sentitzen duen harrotasunaren adierazle eta erakusle. Bestalde, Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko dute.
Irundik Baionarako ibilbidea egingo du 23.Korrikak, martxoaren 14tik 24ra

23. Korrika Irunen hasiko da martxoaren 14an eta, lurraldez lurralde eta herriz herriko ibilbidea egin ostean, Baionan amaituko da, Lapurdiko hiriburuan. Lekuko barruko mezu sekretua irakurriko da bertan, eta egun osoko jai-egitaraua ere antolatuko du AEK-k. 

Edizio honetako leloa Harro Herri izango da. "Aurreko edizioko parte-hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula. Oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa, eta harro Korrikan", azaldu du Aitziber Balantzategi Ibargoitia AEK-ko Artezkaritza-kontseiluaren lehendakariak eta Korrika batzordeko kideak. Halere, harrotasun hori konformismoarekin ez nahasteko azpimarratu du Balantzategik.

Erakundeek euskararen normalizazioan duten "ardura garrantzitsua" ere nabarmendu du: "Herritarren ahaleginaz batera, hizkuntza-politika ausartagoa eta inbertsioak egin behar dituzte". Ohiko moduan, Korrikak jasoko duen dirua euskararen normalizaziora bideratuko da Euskal Herri osoan.

Aurtengo omendua Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektibo gaztea izango da, "Frantziako Estatuko hizkuntza-legeari aurre eginda baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen duena". Ane Elordi Alburquerque Korrika koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, "gazte hauek, beren ikasketen une oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute, beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direla jakitun". Korrikak eskainiko dien omenaldia haien egoera ezagutzera emateko bozgorailu izatea espero dute.

23. Korrikaren dosierra hemen kontsulta daiteke.