Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sarirako lanak bidaltzeko epea zabaldu dute
Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak XVI. Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Lehiaketa jarri dute martxan eta, ohiko moduan, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateak izango dira. Pertsona orok parte har dezake, nazionalitatea edozein izanik ere, betiere lanak bi hizkuntzetako batean idatziak izanez gero. Hala ere, aurreko urteetan irabazle izandakoak ezingo dira aurkeztu.
Aurkeztutako lanek oso-osorik argitaratu gabeak izan behar dute, eta baita saririk eskuratu gabeak ere. Gainera, ezingo da lan hori beste poesia-lehiaketa batean parte hartzen aritu aldi berean. Gaia eta forma libreak izango dira, eta 400 eta 800 bertso-lerro bitarteko luzera izan beharko dute.
Jatorrizko lanen lau ale aurkeztu behar dira, elkarrengandik bereizita. Atxikitako gutun-azal itxi batean, berriz, honako datu hauek jasoko dira: egilea, nazionalitatea, helbidea, nortasun agiriaren edo pasaportearen kopia bat, harremanetarako telefono-zenbaki bat edota posta elektronikoa. Egilearen bibliografia laburra eta lana beste ezein literatur lehiaketatan aurkeztu gabea dela egiaztatzeko agiria ere bidali beharko dira Nafar Ateneora (Barañaingo etorbidea 10, 1. A, 31008 Iruñea). Posta elektroniko bidez ere bidera daitezke proposamenak honako helbidera: ateneo@ateneonavarro.es. Mezuari bi eranskin atxiki beharko zaizkio: bata, egilearen datuekin eta bestea, obrarekin.
Olerkiak aurkezteko epea apirilaren 30eko eguerdiko 14:00etan amaituko da. Epaimahaiaren epaia ekainean jakinaraziko da, Iruñeko Udaletxean egingo den prentsaurrekoan. 3.000 euroko saria izango da modalitate bakoitzean eta lan saridunak argitaratu egingo dira.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.

