Irulegiko Eskua izango da protagonista Donostiako Arkeologia Jardunaldietan
Aranzadi Zientzia Elkarteak eta San Telmo Museoak XXI. Arkeologia Jardunaldiak antolatu dituzte gaurtik ostiralera bitartean. Azken ikerketa arkeologikoekin lotutako bost hitzaldi izango dira, hainbat gairen inguruan.
Gaur, trikuharrien ibilbidearen inguruko hitzaldia izango da, Jesus Tapia Aranzadi Zientzia Elkarteko historiaurreko arkeologoarekin. Telesforo Aranzadik eta Joxemiel Barandiaranek trikuharriak eta tumuluak induskatu zituzten Urola eta Deba arteko mendietan duela 100 urte. Mende bat geroago, gaur egungo arkeologoak metodologia berriekin itzultzen dira toki horietara, aurkikuntza berriak lortuz. Hitzaldi honetan egindako lanari buruzko liburua aurkeztuko da.
Bihar, Ana Benito arkeologoa Getariako badiako urpeko arkeologiaz arituko da, eta Iturritxiki dibulgazio-liburua aurkeztuko du. Duela 500 urte, Flandesko urka bat hondoratu zen Getariako badian, kobrezko lingoteen kargamentu baliotsuarekin. Kargamentua berreskuratzea izan da euskal kostaldean urpeko arkeologiaren proiektu garrantzitsuenetako bat.
Ostegunean, hilak 9, Vicente Olaya kazetari eta idazleak La costurera que encontró un tesoro cuando fue a hacer pis liburua aurkeztuko du. Nobela formatuan, gure inguruko arkeologia hurbileko aurkikuntza eta abenturarik handienetako batzuk kontatzen ditu.
Ostiralean, honako hitzaldi hau izango da: Irulegiko eskua: K. a. I. mendeko testigantza epigrafikoa Arangurengo Ibarrean. Hiru hizlarik hartuko dute parte: Mattin Aiestaran indusketen zuzendariak, Javier Velaza latindar filologian katedradunak, eta Joaquin Gorrotxategi hizkuntzalaritza indoeuroparreko katedradunak. Topaketa honetan aurkikuntza epigrafiko paregabe baten testigantza aurkeztuko da, bere epigrafiako ikertzaileek eta aztarnategiko zuzendariak azalduta.
Irulegiko eskuaren inguruko hitzaldi musikatua
Jardunaldietako ekitaldi berezia Irulegiko eskuaren ingurukoa izango da. Pieza hau "2022ko munduko aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuenen zerrendan" sartu dela eta, musika eta zientzia batuko dituzte otsailaren 13an, 19:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean egingo den saioan. Irulegiko aztarnategiko zuzendariak, Mattin Aiestaranek, indusketari eta Irulegiko Eskuari buruzko hitzaldia egingo du, Oreka TX taldeak eta Bulego taldeko Tom Lizarazuk musikaz jantziko dute. Bertan parte hartzeko doako gonbidapenak museoan bertan eskuratu behar dira, hilaren 12ra arte, eta, sarrerarik izanez gero, aurkezpenaren egunean bertan ere izango dira antzokiko leihatilan.

Hitzaldi guztiak San Telmo Museoko areto nagusian izango dira, 19: 00etan, eta sarrera doakoa izango da. Hitzaldi guztiak streaming bidez ikusi ahal izango dira San Telmo Museoaren Youtubeko kanalean.

