Irudimena lehiaketan parte hartzeko azken egunak!

Irudimena lehiaketan parte hartzeko azken egunak! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irudimena-lehiaketan-parte-hartzeko-azken-egunak/@@download/image/irudimena_4_1395304596.jpg
2014/03/20
berria
EKE Euskal Kultur Erakundeak eta Azkuen Fundazioak antolatzen duten Irudimena lehiaketaren laugarren edizioak soinuak ditu oinarri, eta parte hartzaileek berauetan oinarritutako soinu berriak, testuak edota irudiak sortu behar dituzte. Lanak bidaltzeko epea maiatzaren 16ra bitarte izango da zabalik.


Orain arte irudietan oinarritutako lehiaketa izan da EKEk eta Azkuen Fundazioak 2011. urtean abiatu zutenetik, urtero, udaberri garaian, martxan jartzen dutena. Aurtengoan, baina, bederatzi audio artxiboak izango dituzte oinarri, soinumapa.net egitasmotik hartutakoak (hemen entzungai). Parte hartzaileek berauetako bat aukeratu, eta bertatik eratorritako beste soinu bat (gehienez ere hiru minutuko mp3 artxiboa), edozein generotako testu bat (gehienez ere 2.500 karakterekoa), edota gustuko teknika baliatuz osatutako irudi bat sortu behar dute.

Hala, edukiak prestatutakoan, formularioa bete eta antolatzaileei helarazi beharko zaie maiatzaren 16a baino lehen. Eta ondoren, multimedia arloan, arte grafikoen esparruan eta literaturan aditu diren lagunek osaturiko epaimahaiak onenak zeintzuk diren erabakiko du.

Kategoria bakoitzean bi lan sarituko dituzte, orotara sei irabazle izango dira honenbestez, eta sari-banaketa ekitaldia Bilboko Euskararen Etxean egingo duten ekainaren 7an. Saridunek beren lanak aurkeztu beharko dituzte bertan. Animatu, gazte!