Irudi deserosoz osaturiko erakusketa ikusgai Gasteizen

Irudi deserosoz osaturiko erakusketa ikusgai Gasteizen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irudi-deserosoz-osaturiko-erakusketa-ikusgai-gasteizen/@@download/image/20129171657deseroso.jpg
2012/12/13
berria
Ernesto Iriarte artista gasteiztarrak 'Deseroso' izeneko erakusketa osatu du, eta urriaren 24ra bitarte ikusgai izango da Gasteizko Kafe Iguanan.

Barazkijalea naiz dioen kamiseta soinean duen Hitlerren irudia, ahiturik dauden metxeroz osaturiko lana, artistaren ama hilzorian agertzen duen argazkia… Irudi deserosoak dira denak, ikusleari lehen unean sorpresa eragingo diotenak; horren ostean, hausnarketarako parada izango du.

Alderdi ugari lantzen dituen artista da Iriarte: bitxigintza, eszenografia, altzarien diseinua, argazkigintza, irakaskuntza… Egunerokotasunaren baitan kokaturiko obrak dira bereak, eta beste hainbat artista, instituzio kultural nahiz artistiko, eta erakunderekin elkarlanean aritu ohi da.

Iguana, erakusleiho
Iriarteren erakusketa Gasteizko Kafe Iguana tabernan zabaldu zuten iragan astean, eta bertan mantenduko dute urriaren 24ra bitarte.

Kultur elkargune eta erakusleiho izateko helburuarekin, proposamen ugari eskaintzen dihardu Kafe Iguanak azken aldian, eta horren lekuko da honakoa. Arte areto eta erakusketa guneetatik at, tabernako giroan eta aukera anitzeko espazioan mota anitzetako ekintzak barneratu ditu horrela Arabako hiriburuko lokal ezagunak.

Musikaplastika


Musikarekiko grina erakusten duten artista ezezagunak biltzen dituen ekimena da Musikaplastika. Besteak beste, tatuaje egileak, binilozko disko bildumazaleak, komikigileak… batu dira egitasmora. Deseroso erakusketa ere egitasmo honen baitan kokaturik dago.