Irlandak alkoholdun produktuetako etiketetan osasun oharrak jarriko ditu

Irlandak alkoholdun produktuetako etiketetan osasun oharrak jarriko ditu Neurri hau hartuko duen munduko lehenengo herrialdea izango da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irlandak-osasun-abisuak-dituzten-etiketak-jarriko-ditu-alkohol-botila-zein-ontzietan/@@download/image/ZJZ2CNGQ7BGRZIECDQCXZM4RNE.png.jpeg
2023/05/29

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Neurri hau hartuko duen munduko lehenengo herrialdea izango da.
Irlandak alkoholdun produktuetako etiketetan osasun oharrak jarriko ditu

Alkohol produktuetan kaloria kopuruak zehaztuko dira eta hauek osasunean izan ditzaketen arazoak zerrendatuko dituzte, horien artean gaixotasun hepatikoak eta minbiziak. 

Stephen Donnelly-k, Irlandako osasun ministroak, lege berria sinatu duela baieztatu du. Lege berri honekin alkoholdun edari guztiek, 2026tik aurrera, etiketan hauen kaloriak eta osasun arriskuen ohartarazpenak eduki beharko dituzte. Horiekin batera, haurdun dauden pertsonentzat izan ditzaketen arriskuak ere zehaztu beharko dituzte. 

Ministroaren esanetan, araudi berri honek "hiritarrei ezagutza gehiago" eskainiko die alkoholdun edariei buruz eta honen kontsumoak dituen arriskuen inguruan. Honela, tabakoarekin eta beste zenbait elikagaiekin egiten den moduan, alkoholean ere osasun arrisku abisuak azalduko dira. 

Legea 2026ko maiatzetik aurrera jarriko da indarrean, sektoreko erakundeei aldaketetara egokitzeko denbora eskainiz. "Neurri hau hartu duen lehenengo herrialdea garela ospatzen dut. Espero dut beste herrialdeek gure adibidea jarraitzea" adierazi zuen ministro irlandarrak. Alcohol Action Ireland GKEak ere neurria txalotu du eta gogorarazi du herrialdeko bularreko minbizien %7 alkohol kontsumoarekin lotuta daudela.

Aldiz, Ardo Erakundeen Europar Komiteak aldarrikatu du araua hauek ez datozela bat Europar Batasuneko Eskubideekin: "Irlandako etiketen arauak ez datoz bat EB eskubideekin eta justifikaziorik gabeko muga dira, neurriz kanpokoa, EBeko merkataritzarentzat"Erakunde honen ustez Europar Batasuneko merkatua zatikatuko du, honen funtzionamendu zuzenean eraginez eta Irlandako produktua Batasuneko beste herrialdeetara iristeko zailtasunak sortuz.