Iraultza txinatarra. Handiei aurre egiteko prest

Iraultza txinatarra. Handiei aurre egiteko prest https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iraultza-txinatarra-handiei-aurre-egiteko-prest/@@download/image/sarezulo_145_1382614647.jpg
2013/11/04
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez @aldakur
Iraultza txinatarra. Handiei aurre egiteko prest
Asiako herrialdetik datozen produktuen gaineko aurreiritziak hautsi, eta punta-puntako teknologiadun telefono mugikorrak plazaratzen hasi dira Xiaomi edota Meizu bezalako etxeak.


Txinan ekoiztutako produktuez hitz egiten dugunean, merkeak eta beste etxe ezagunek egindako produktuen kopia txarrak direla pentsatzen dugu. Orain arte, kasu askotan hala izan dela esan daiteke, baina pixkanaka gauzak aldatzen ari dira.

Teknologiaren alorrean, smartphonetan batez ere, enpresa txinatar batzuk esfortzu handia egiten ari dira kalitatezko produktuak garatzeko. Txinako biztanleria kontuan hartuta, merkatu handia dute herrialdean bertan, baina Europara jauzi egiteko asmoa ere badute enpresa horietako batzuek. Beraz, datozen urteetan, orain ezezagunak zaizkigun izen batzuk pixkanaka gure eguneroko bizitza teknologikoan sartuko dira.

Kasu aipagarriena Xiaomi enpresarena da. Kalitatezko produktuak egiten ditu, eta are hobeagoak egin ahal izateko, Hugo Barra, orain arte Google enpresan Android sistemaren arduradunetariko bat izan dena kontratatu dute. Argi dago, beraz, Xiaomi aurrera begira kontuan hartu beharreko enpresa dela. Bere produktu aipagarrienak Xiaomi M2 eta M3 telefonoak dira, smartphone oso potenteak. Xiaomi M3 merkatuko potenteenetarikoa da, eta oso prezio erakargarria du; 299 euroren truke eskuratu daiteke 16GBeko bertsioa eta 380 eurotan 64GBekoa.

Beste kasu bat, Meizu smartphoneena da. Telefono horien berezitasuna da itxura aldetik iPhone-en oso antzerakoak direla. Flyme du izena instalatuta duten softwareak, eta Android estilizatua dela esan daiteke. Zehazki, Meizu MX2 modeloak Flyme 2.4 (Android 4.1) eta Miezu MX3ak Flyme 3.0 (Android 4.2) daramatzate. Gailu horiek hardware potentea dute eta 200 eta 299 euroko prezioa.

Xioami eta Meizu laster izango ditugu gure artean, baina ez dira helduko diren lehenengo kalitatezko telefono marka txinatarrak izango. Denbora da ZTE eta Huawei markak hemen komertzializatzen direla. Android sisteman oinarrituta, mota askotako smartphoneak ekoizten dituzte. Beraien helburua kalitate handi eta ertaineko gailu merkeak eskaintzea da. Samung, HTC edo iPhone gailuen alternatiba onak dira benetan.

Azkenik, aipagarria da ZTE, Huawei, Xiaomi edo Meizu markez aparte, bestelako telefono txinatar batzuk eskuragarri badirela Sarean. Normalean, gailu potenteen kopia merkeak izaten dira, baina ez dira batere gomendagarriak. Nahiz eta gorputza Samsung S4 edo iPhone 5S telefonoen berdintsua izan, arimak ordaindutako dirua baino gutxiago balio du, eta denbora gutxi barru funtzionamendu arazoekin topo egingo dugu. Kasu hauetan, produktu merkeak garesti aterako zaizkigu.

HARRITU GAITU



TinEye
Alderantziz funtzionatzen duen irudi bilatzailea. Hau da, bilatzailean irudi bat igo, eta honek irudi horri buruz sarean dagoen informazioa argitaratuko digu.

KATXONDOENA



Street View Fun
Google-en kotxeek Street View tresnarako ateratako argazki barregari, harrigarri eta arraroenak biltzen dituen web orrialdea.

INFORMAZIO BILA



Talaios bloga
Teknologia libreetan oinarritutako tresna digitalak aztertu, diseinatu eta garatzen dituen Talaios kooperatibaren bloga.