Iratxe Retozalak Arbizun emango duen hitzaldiarekin hasiko da 'Literatura Geraldiak' zikloa

Iratxe Retozalak Arbizun emango duen hitzaldiarekin hasiko da 'Literatura Geraldiak' zikloa Hitzaldiak, idazleekin solasaldiak eta lantegiak izango dira martxoan eta apirilean Nafarroako hainbat herritan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iratxe-retozalak-arbizun-emango-duen-hitzaldiarekin-hasiko-da-literatura-geraldiak-zikloa/@@download/image/LiteraturaGeldialdiak.jpg
2023/03/02
Hitzaldiak, idazleekin solasaldiak eta lantegiak izango dira martxoan eta apirilean Nafarroako hainbat herritan.
Iratxe Retozalak Arbizun emango duen hitzaldiarekin hasiko da 'Literatura Geraldiak' zikloa

Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak, Baztango Udalak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, Literatura Geraldiak zikloaren bigarren edizioa egingo dute martxoaren 6tik apirilaren 28ra bitarte. Literatur solasaldiak, lantegiak eta hitzaldiak izango dira Nafarroako hainbat herritan. 

Ekimen honen helburua euskaraz irakurtzeko ohitura eta zaletasuna zabaltzea, herritarren euskarazko kultur kontsumoan indartzea, euskal liburugintza indartzea, liburutegi publikoen erabilera bultzatzea eta esperientzia literarioak konpartitzea izango da.

Lehen ekitaldia martxoaren 6an izango da Arbizuko udaletxean, 18:00etan. Irakurbide feministak euskal literaturan izeneko hitzaldian literaturak feminismoan urratsak egiteko zertan lagun dezakeen hausnartuko du Iratxe Retolazak. Hitzaldi bera eskainiko du apirilaren 19an Elizondon.

Solasaldiei dagokienez, Maddi Ane Txoperena Ez erran inori liburuaz arituko da martxoaren 14an, Iturmendiko udaletxean, 18:00etan. Nerea Ibarzabalek, berriz, Bar Gloria izango du hizpide apirilaren 20an, 18:30ean, Lekunberriko kultur etxean. Ibarzabal apirilaren 27an Arantzako liburutegian izango da, 17:00etan, eta maiatzaren 3an Etxalekuko udaletxean, 19:00etan. 

Hitzaldiak ere izango dira apirilean: Joseba Sarrionandiaren Egoerak eta liburuak, apirilaren 21ean, Berako liburutegian, eta apirilaren 28an, Larraintzargo liburutegian; Eider Rodriguezen Idazleen gorputzak, apirilaren 26an, Elizondoko liburutegian; eta Miren Agur Meaberen Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena, apirilaren 26an, Ziordiako liburutegian.

Azkenik, pare bat lantegi ere antolatu dituzte: Mikel Ayerbek gidatutako Nola iruzkindu liburu bat? egingo dute apirilaren 1ean, Lesakako Arrano Elkartean, 10:00etan, eta Yolanda Arrietaren idazketa tailerra apirilaren 19an, Leitzako liburutegian, 18:30ean.