Iratxe Ibarra: “Txapela lortzeagatik dirua ordainduko nuke"

Iratxe Ibarra: “Txapela lortzeagatik dirua ordainduko nuke" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iratxe-ibarra-txapela-lortzeagatik-dirua-ordainduko-nukequot/@@download/image/49p52-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Jon Odriozola
Iratxe Ibarra: “Txapela lortzeagatik dirua ordainduko nuke"
Markinarra. Bertsolaria. Euskal Filologian lizentziatua. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) lanean dihardu. Iaz, estreinakoz, Euskadiko trinkete pala txapelduna izan zen. Gozozalea. Hertzainak musika taldea arrunt gogoko du, baita zinea ere. Sagitarius. Abenduan jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketan seigarren egin zuen.

Arrunt laket dut: Bertsolaritza eta kirola; bai jarduteko, eta baita entzun eta ikusteko ere.

Ez ditut parean ikusi ere egin nahi: Faltsukeria, inbidia eta gezurra.


Lasaigarri zait: Kirola egitea, paseatzea, eta deskonektatzeko… tarteka asteburuetan parrandak egitea.

Sutan jartzen naute: Gauza askok. Gure herriak bizi duen egoera politikoak, batik bat. Epe laburrera ez, baina luzera irtenbidea izan dezake.


Gustura irakurri nuen: Andoni Egañak bertsoen inguruan idatzi duen "Hogeitabina" liburua. Gaiak planteatzeko duen era asko gustatu zait. Irakurterraza eta oso gomendagarria da.

Lo seko geratu nintzen irakurriz: Sekula ez. Irakurtzeko fresko egon behar dudanez, nekatuta nagoenean ez dut irakurtzeko ohiturarik.


Bertutea: Errealistaz gain, optimista eta tematia naiz.

Akatsa: Apur bat burugogorra naiz.


Ametsa: Euskal Herriaren independentzia.

Amesgaiztoa: Zorionez, ez daukat.


Barre algara eragiten dit: Edozein pasadizo xelebrek, nahiko barre errazekoa bainaiz.

Negargura ez dut urruti: Azken atxiloketetako tortura kasuekin.


Urrea: Etxerat kolektiboari.

Ikatza: Askori. Agintari politikoei.


"Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni…": Beno, ate asko ez ditut jo, baina batzuetan aritu izan naiz, ekin eta ekin…

"Ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon…". Erantzunari dagokionean, denetarik jaso izan dut…


Zein gairen inguruan botako zenituzke hiru bertso "Habanera" doinuan? Egoera bati botatzea gogokoago nuke. Demagun: "Korrika igarotzen ari delarik, ilobak, 'nora doa hainbeste jende arineketan?'‚ galdetzen du". Hau da: gaiari beste ikuspegi bat ematea.

Kantuan "oilarren" batek ihes eginez gero, gorri-gorri jartzen al zara? Apur bat. Doinu batekin hasi, eta beste batekin amaituz gero ere, estuasuna pasatzen da.


Hatzak zupatzen ditut: Arroza eta espagetiekin. Azken hauek tomate barik eta gazta eta chatkarekin.

Gogoko ez dudan jakia: Zerbak. Gainontzeko berdura guztiak jaten ditut.


Dirua ordainduko nuke: Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapelagatik. Tamalez, ez da diruz lortzen.

Ez nioke xentimorik emango: AVT elkarteari, eta Ogasunari.


Zer bozkatuko duzu Otsailaren 20ko erreferendumean?: Ez dut pentsatu. Askotan, bozkatzeko ere, arazoak izaten ditugu eta.

Zein da azterketak gainditzeko botika aproposa?: Ikastea, baina ahal bada, guztia azken ordurako ez utzita.