Iratxe Esnaola: “Internetek berak bakarrik ez du norbanakoaren isolamendua ekarriko”

Iratxe Esnaola: “Internetek berak bakarrik ez du norbanakoaren isolamendua ekarriko” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iratxe-esnaola-internetek-berak-bakarrik-ez-du-norbanakoaren-isolamendua-ekarriko/@@download/image/68p50_1365160205.jpg
2006/11/03
elkarrizketa
Gaztezulo
Iratxe Esnaola zarauztarra informatika ingeniaria da. Bipuntuzero.org ekimeneko kidea dugu, eta software librezale amorratua. Kontzeptuoz eta Interneten etorkizunaz aritu gara berarekin.

Software librearen defendatzailea zara. Zer da softwarea? Eta software librea? Zein abantaila eta desabantaila ditu software libreak?
Softwareak informatikaren espazio logikoa definitzen du. Softwarea programa informatiko bat da, bai testuak idazteko, bai argazkiak kudeatzeko. Softwareak ukiezinak dira. Programa garatzen duenak, iturburu-kodea babesteko neurririk hartzen ez badu, iturburu-kode hori irekia izango da, eta egileak bere eskubideei eta horren kontura aberasteko aukerei uko egiten die: hori da software librea. Erabiltzailearen askatasuna eta giza eskubideak errespetatzen dituen teknologia mota bakarra da software librea. Eta gainera, tokian-tokiko errealitate eta hizkuntzetara moldagarria da. Horrexegatik, berebiziko aukera da herri eta hizkuntza gutxiagotuen garapenerako.

Zeintzuk dira software librearen ezaugarri nagusiak?

Kode librea da ezaugarri garrantzitsuena. Guztiok ikus dezakegu iturburu-kodea, aldatu eta hobetu. Eta hobekuntza hauek guztiak publiko egin ditzakegu, behar dituenarentzat libre mantenduz. Lankidetza eredu honekin sortu dira GNU/Linux sistema eragilea (Windows-ekiko alternatiba librea), eta bere banaketa pakete ugariak: (Ubuntu euskaraz: www.ubuntu.org); bulegoko lanetarako openOffice  paketea (euskarazko bertsioa: http://softkat.ueu.org/); posta elektronikorako Thunderbird programa (euskarazko bertsioa: http://www.librezale.org/mozilla/thunderbird/ ) eta Firefox Interneterako nabigatzailea (euskarazko bertsioa: http://www.librezale.org/mozilla/).

Egun, asko erabiltzen al da software librea?

Hor bi fronte ditugu: zerbitzariak eta erabiltzaileak. Zerbitzarien arloan, software librea askoz gehiago erabiltzen da, software jabeduna baino; batez ere, seguruagoa eta egonkorragoa delako. Software librearen aldeko borrokan, erabiltzaileen mundua landu behar da, batik bat. Egunetik egunera, gero eta gehiagok erabiltzen dugun arren, badakigu %80 inguruk software jabeduna erabiltzen duela. Windows da  (gaztelaniaz!), erabiltzaileen ordenagailuetan masiboki aurkitzen dugun sistema eragilea. Jendeak, software librea erabiltzearen garrantzia barneratu behar du; eta, ahal dugun neurrian, software librea erabiltzen hasi. Hasieran, nahi bada, windowsen gainean. Windows erabiltzen ere ikasi genuen, ezer jakin gabe. Software librearekin ere Ikasiko dugu, jauzi egin eta ausartuz gero.

Azken boladan, asko entzuten ari gara Web 2.0 kontzeptua. Baina, zer da hori?

Internet 2.0 edo Web 2.0 kontzeptuak, interneten gertatu den aldaketa bat adierazten du: interneten garaian, lehen bertsiotik bigarrenera pasatuko bagina bezala da. Hasieran, Web 1.0-n, webguneak informazio iturri soilak ziren. Baina bigarren fasea oso bestelakoa da: Web 2.0 kontzeptuaren barruan, erabiltzaileon paperaren aldaketa da ezaugarri nagusia. Internet berri honetan, erabiltzaileok edukiak sor ditzakegu, eta edukiak partekatzeko teknologiak ere sortu dira (ikusi www.blogari.net, www.alesti.org, www.zabaldu.com, www.flickr.com, etab.). Erabiltzaileok hitza dugu Internet 2.0-n. www-a informazio iturri izatetik, informazio eta ezagutza kolektiboaren espazioa izatera pasatu da. Internet 1.0-n hartu egiten genuen. Internet 2.0-n hartu, eta eman egin dezakegu.

Bipuntuzero.org proiektuaren bultzatzaileetako bat zara. Zer da bipuntuzero.org?

Bipuntuzero.org kezka kolektibo batetik sortutako ekimena da. Egun, mundu fisikoaz gain, on-line munduak ere berebiziko garrantzia du, eta internet eta teknologia berrien espazio birtual horretan, Euskal Herriaren erronkak aztertu eta definitzea zen gure motibazioa. Irailan, izen sinbolikoa zuten jardunaldi batzuk antolatu genituen: Euskal Herria 2.0. Ekintza gehiago ere antolatuko ditugu, teknologia berriak, Internet eta Euskal Herria oinarritzat hartuta (informazio gehiagorako www.euskalherria.bipuntuzero.org).

EH 2.0 jardunaldietako gaietako bat, .eus domeinua izan zen. Zer lortuko litzateke .eus domeinua edukita?

Domeinuak webguneen aterpeak dira. Domeinuek webguneak bildu, eta sailkatu egiten dituzte. .edu domeinuak, adibidez, hezkuntzaren inguruko webguneak biltzen ditu. Beraz, .eus domeinuak, euskara eta euskal kultura sustatzen dituzten webguneen aterpea izan nahi du. Webgune horiek guztiak biltzeko modua da: izen bat, ikur bat. Eta izen honek Internet-en kokatzen du euskara, lehen mailako hizkuntza gisa. Nazioarteko errekonozimendua eragingo luke horrek, eta hori ezinbestekoa da gurea bezalako hizkuntza gutxiagotuentzat.

Internetek norbanakoen isolamendua ekarriko al du? Jende askok hori dio behintzat...

Internet teknologia hutsa da, eta "hutsa" diot, guk aktibatzen ez badugu, bere kabuz ez duelako ezer egiten. Gauza bera gertatzen da ordenagailuekin. Guk pizten eta erabiltzen ez baditugu, berauek ez dute ezertxo ere egingo. Eta horrexegatik, teknologia hutsak direlako, erabileran dago gakoa. Internetek berak, bere kabuz, ez du norbanakoaren isolamendua ekarriko. Isolamendua norbanakoak Interneti ematen dion erabileratik dator, etortzekotan. Tresnak, tresnak dira. Gure esku dago hauek ondo erabiltzea.