Iratxe Esnaola Aldanondo eta Iratxe Esnaola Arribillaga: "Ilusioa egiten zigun elkar ezagutzeak"

Iratxe Esnaola Aldanondo eta Iratxe Esnaola Arribillaga: "Ilusioa egiten zigun elkar ezagutzeak" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iratxe-esnaola-aldanondo-eta-iratxe-esnaola-arribillaga-ilusioa-egiten-zigun-elkar-ezagutzeak/@@download/image/iratxe_esnaola__1451993146.jpg
2013/10/07
elkarrizketa
Argazkiak: Galder Izagirre, Testua: Aitor Abaroa
Literatura zaleek ezagutuko dute Iratxe Esnaola. Teknologia berrien jarraitzaileek ere bai. Bi Iratxe dira ordea; idazlea, bigarren abizenez Aldanondo, ingeniaria, aldiz, Arribillaga. Hauxe dute elkar ikusten duten lehen aldia.


Iratxe Esnaola Aldanondok (Donostia, 1983) Kazetaritza ikasi zuen EHUn eta Literaturaren Teorian eta Literatura Konparatuan masterra Granadako Unibertsitatean. Hamaika literatur sari irabazi ditu, tartean, Agustin Zubikarai saria edota Bergarako Amodiozko Gutunen lehiaketa. Txilen, unibertsitatean, Euskara eta Euskal Kultura irakasten aritu ostean, Argiako eta Berriako kolaboratzailea da egun.

Iratxe Esnaola Arribillagak (Zarautz, 1981) Ingeniaritza Informatikoa ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta bertan ari da doktoretza egiten eta irakasle lanetan. Gaur egun, Garako kolaboratzailea da eta ‘.eus’ egitasmoaren zuzendari, koordinatzaile eta komunikazio arduraduna.

Iragan maiatzean, Iratxe Esnaola izenburudun artikuluan bat egin zuten izen bereko bi emakumeek, Argia astekarian (2368. alea). Paperetik haratago baina, antza, ez dute elkar aurrez aurre ezagutzen, eta Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean lehenengoz agurtu eta elkarri bi musu eman dizkiotenean, hala dirudi. Hiru hitz elkartrukatu eta Galder Izagirreren kamera aurrean jarri direnerako ordea, lagun zaharrak dirudite. Ez dira isiltzen, ez diote argazkilariari kasurik egiten; urte luzez bananduta egon diren adiskideak bailiran, mundua ahaztu eta barre artean batak bestearen berri izatea beste nahirik ez zaie antzematen.

Elkarren berri bazenuten, baina aurrez aurre zaudeten lehen aldia da, ezta?
Arribillaga: Ez gara aurrez aurre inoiz ikusi, ezta kontakturik mantendu ere. Beraz, gaur izan da gure lehen aldia. Nik, zintzoa baldin banaiz, hasieran lotsa puntu bat neukan, baina ilusio berezia ere egiten zidan, izan ere, bera nire bizitzan presente egon da eta ni ere berean egon naiz. Eta Argian plazaratu zuen artikulua eta gero, banuen ilusioa.
Aldanondo: Niri ere ilusioa egiten zidan, azken finean, nire bizitzako kide bat bezala izan baita. Denok ditugu kide imajinarioak, eta bera kide imajinario benetako bat zen. Baina bestalde, nahasmena eta kaosa ere gustuko ditudanez, pena pixka bat ere ematen zidan, orain arteko misterioa edo galduko delakoan.
Arribillaga: Dena den, gure bigarren abizenak ez dira normalean agertzen, eta beraz, orrialde hauetan ikusiko gaituzte batera, baina gerora ere Iratxe Esnaola izango gara biok, eta beraz, uste dut misterio hori mantenduko dela.

Gaizkiulertu edo anekdota kuriosoak izango dituzue, ziur.
Arribillaga: Ni zoriontzen naute literatur sariak irabazteagatik! Egin mesedea ipuin erotikoarekin gertatu zitzaidan lehenengoz, lagunek esaten zidaten: "Ez diguzu ezer esan e..." Eskertzen dut jendeak pentsatzea nire lanaz gain baditudala beste disziplina bat maila horretan lantzeko gaitasuna eta denbora. Kuriosoa izan zen ere, eman nuen hitzaldi baten errenta aitorpena egiteko dokumentua bere etxera bidali zutela.
Aldanondo: Dokumenu hori etxera heldu zitzaidanean harrituta geratu nintzen: "Urtean zehar egin dut hau? Ikastetxeren batean emango nuen hitzaldiren bat?" Bestetik, niri irratian egindako elkarrizketa bat Interneten ilustratzeko bere argazkia jarri zuten behin. Oso entretenigarria da.

[Wikipedian Iratxe Esnaola bilatuz gero, argipen orria ateratzen da lehenengo, idazlea edo informatikaria aurkitu nahi duzun zehazteko. Kepa Sarasola informatikariak sortu zuen argipen orri hori Euskal Herriko zein nazioarteko emakume informatikarien sarrera ezberdinak Wikipedian sartzen ari zela Iratxe Esnaola bat bazela konturatu zenean; Aldanondorena zen, eta Sarasolak Arribillagarena eta argipen orria sortu zituen nahasmenak ekiditeko].

Gaur egun, Internet dela eta, esan genezake denok dugula, nahi ala ez, bigarren "Ni" bat sarean. Horren inguruko hausnarketarik egin duzue inoiz?
Arribillaga: Nik begiratu izan dut kezka sortu didanean, izan ere, aztarna digital hori ez du norberak soilik sortzen, eta besteek sortzen dizutena ere kontuan hartu behar da. Aipatu berri dugun argazkiaren akatsa, adibidez, jendeak horrelakoak Saretik hartzen dituelako gertatu zen. Ez nau nire "ni digitalak" gehiegi kezkatzen, baina begiratzen dut publikoki egiten ditudan gauzek zein zabalkunde duten.
Aldanondo: Nire kasuan, ez dut beren beregi Sarea erabili inoiz nire izenean idazteko, ez dut blogetan idazten, ez dut argazkirik igotzen, ez dut Facebookik... ez nago Sarean, zentzu horretan. Baina kolaboratzaile naizen heinean, komunikabide batzuek eskegitzen dituzte nire testuak Sarean. Hala ere, nik hori nire profil profesionala dela ulertzen dut, ez pertsonala.
Arribillaga: Nire kasua ere beretsua da. Nik ez daukat interneteko Iratxe Esnaolarik, baina egon badago. Nik Gaztezulon edo Garan artikulu bat idatzi badut, hori sarean dago eta neu naiz egilea. Baina hori ez da gure ni digital pertsonala. Nik ere sekula ez dut nire ni digital pertsonala ezer plazaratzeko erabili. Orduan ez zaitu gehiegi kezkatu behar, egiten duzunaren gaineko proiekzio digitala baita.

Arribillaga, zu jende askok ‘.eus’ egitasmoa dela eta ezagutu zaitu. Urte luzeen ostean, iragan ekainean onartu zuen ‘.eus’ domeinua azkenean ICANN erakundeak. Nola bizi izan duzu?
Arribilaga: Fase luzea izan da. Lan ezberdinak egin ditut, batzuk Euskal Herrira begira, eta beste batzuk kanpora begira. Egia esan ez dugu ezer asmatu, 2005ean onartu zuten ‘.cat’ domeinua hartu dugu adibide, eta hura kudeatzen dutenak izan ditugu aholkulari. Zaila izan da horren entitate anitza proiektu berera biltzea, izan ere, euskal komunitateak berak egin behar baitzuen eskaera. Eta oso zaila izan da baita ere kanpora begira, AEBetako lan egiteko kulturan mugitzen den nazioarteko erakunde baten ezaugarrietara moldatu behar izan baikara. Orain egiteko dugun lana da enpresa moduko bat sortzea, irabazi asmorik gabekoa, baina domeinuak saldu eta erosteaz arduratuko dena. Martxoan edo apirilean jarriko da ‘.eus’ domeinua nahi duenaren eskuragarri, eta espero dugu hasieran jasotako erantzun positibo bera izatea.

Zein izan daiteke euskal komunitate horri begira ‘.eus’ egitasmoak egin dezakeen ekarpenik aipagarriena?
Arribillaga: Esango nuke ‘.cat’ domeinuak egindako ekarpen bera egingo duela. Beren datuek argi eta garbi erakusten dute katalanezko web orrialde gehiago sortu direla ‘.cat’ daukatenetik eta katalan kultura sustatzen lagundu duela. Beraz, printzipioz, esan genezake euskarazko eta euskal kulturaren gaineko webguneak eta edukiak ugaritu egingo direla. Batetik sinbolo baten ikusgarritasuna dago, eta bestetik, eduki gero eta gehiago egotea. Presentzia horrek egiten du euskarazko Interneta.
Aldanondo: Nik ez dut honetaz hitz egiteko daturik, eta ez dakit hizkuntzarekin duen zerikusia, edo gehiago den erreferentzialtasun kontua, euskaltasun edo "eusko" horrekiko erreferentzialtasuna. Agian erratua nago, baina esango nuke ETB, ETBsat edo Euskal Etxeek adibidez Euskal Herriarekiko erreferentzialtasuna dutela, baina zerekin betetzen diren, beste kontu bat da.
Arribillaga: Argitzearren, guk kultura ikuspegirik zabalenean hartu nahi dugu. Hau da, ‘.eus’ izan daiteke idazle batentzat edo Euskal Etxe batentzat komunitatetik gertuago sentitzeko bide bat, eta euskal enpresa batentzako merkatu konkretu batetara zuzentzeko modu bat (euskarazko bertsioa izan beharko du derrigorrez). Gu ez gara inor kultura hau edo bestea den esateko. Beraz, gutxieneko baldintzak betetzen dituenak lekua izango du.

Euskal Herritik kanpora begirako leiho bat izango da gehiago, ala barrura begirakoa?
Arribillaga: Daukan gauza ona da bietarako balioko duela. Interneten kokatzen den momentutik munduari begira dago, beraz, kanpotik begiratuta esango dute: "Horiek ‘.eus’ dira". Baina guk hemendik esango dugu: "Gu ‘.eus’ gara". Barnerako balio dezake komunitatea kohesionatu dezakeelako, eta kanpora begira komunitatea ikusgarri egingo duelako. Adibidez, ikusi dugu diasporako elkarte ezberdinen aldetik ‘.eus’ egitasmoarekiko ilusio berezi bat dagoela, beraientzat Euskal Etxea izatetik haratago gurera gerturatzeko modu bat izango da.

Aldanondo, zu bi urtez izan zinen Euskara eta Euskal Kulturako irakasle Txilen, unibertsitatean. Nola ikusten dute handik euskal komunitatea?
Aldanondo: Konplikatua da. Kontuan hartu behar da Txileko jendartea oso klasista dela, eta han, euskalduntasunak klase esanahi bat du. Alegia, Santiagon zenbait euskal abizen izateak jada klase altuko titulu bat edo ematen dizu. Hilabeteak pasa ondoren, ni konturatu nintzen abizen euskaldunak nituelako edo euskalduna nintzelako hainbat jendek harrera hobea egiten zidala bertakoei baino. Estatus bat da. Bestetik, txiletarren euren perfilak asko harritu ninduen. Oso jakinzaleak dira, ikasteko modu oso polita dute, asko ikasi nahi dute. Zentzu horretan, Euskal Herriaz edo beste edozertaz hitz egiten badiezu, sekulako pasioaz entzuten dizute, eta asko ikasten dute. Interes handia dute. Bai euskal jatorria dutenek, baina baita ez dutenek ere, batzuk politikagatik, beste batzuk Europan gaudelako, beste batzuk Euskararenganako interesa dutelako...

Internetez ari garela, teknologia berri horiek ikasteko eta irakasteko moduak aldatzen ari dira?
Arribillaga: Nik sentitzen dut aldaketa hori. Klasean konturatzen naiz azaltzen ari naizena ez dagoela esan diezun liburuan bakarrik, hainbat webgunetan ere badutela. Beraz, batzutan badut alferrikako transmisore lana egiten ari naizelako sentsazioa. Hezkuntza eredu berrien harira, esan digute ez garela transmisore hutsak izan behar, gidari eta tutore izan behar garela. Beraz, azalpenerako tartea izan ordez, interakziorako tartea bihurtu da klaseko denbora. Klase presentzialari balio erantsi bat eman behar diozu, ikasleak klasera etor daitezen. Gaur egun, inoiz baino gehiago, jakintza liburuetatik at beste esparru batzuetan dago, eta horrek aldatu egin ditu irakasteko metodologiak.
Aldanondo: Nik, irakurle bezala, liburu fisikoak erabiltzen jarraitzen dut, baina ez digitala gustuko ez dudalako. Distraituko nauen ahalik eta gauza gutxien nahi dut, berez ere nahiko distraituta bizi garelako mugimenduz eta irudiz inguratzen gaituen gizarte honetan. Parean suertatu zaidanean irakurri izan dut eBookean edo telefono mugikorrean, baina nire izateko erak soiltasunera narama. Agian gehiago du zerikusia teknologiaren garapenarekin eta nik garapen horren beharrik ez izatearekin. Nik beharrizan soilak beteta ditudan heinean, ez dut aurrerago jo. Nire telefono mugikorra patata bat da, ez dut Facebookik, Whatsappa pentsatu ere ez, baina noski, Interneta erabiltzen dut, testu guztiak ez baitaude liburu formatuan eta gauza asko irakur daitezkeelako Interneten.
Arribillaga: Niri, adibidez, atentzioa deitu izan didate paperezko agenda erabiltzen dudalako. Atzo esan zidaten azkenengo aldiz, bilera batean: "Ze arraroa zu agenda batekin ikustea". Badirudi dena egin behar dudala teknologia arreratuak baliatuz. Paperezko agendak nire behar guztiak astetzen ditu, eta ez dut ezagutzen behar horiek paperak baino hobeto bete ditzakeen agenda elektronikorik. Gainera, ez dut Facebookik, ezta Twitterrik ere.

Esan izan da telefonoetako mezu laburren edota Twitterren ondorioz, belaunaldi berrien idazkera okertzen ari dela, ortografian adibidez.
Arribillaga: Nik dakidanaren arabera, ikerlariek aldaketa nabarmenagoa ikusi dute hausnartzeko gaitasunean. Hau da, egungo gazteek zailtasun gehiago dutela testu luzeak irakurri eta sakonki hausnartzeko, kontzentrazio tarte laburragoa dutela, denbora gutxiago egon daitezkeela testu berarekin. Hori alde negatibo bezala edo ulertzen da. Baina aldiz, laburduren kontuarekin, bada esaten duenik egungo gazteek sintesirako gaitasun handiagoa dutela; adibidez, mezu labur batek 140 karaktere baditu, hasieratik sintezitatu behar duzu esan beharrekoa dena karaktere kopuru horretan sar dadin. Egia da baita ere, gero azterketetan ikasleek laburdurekin idazten dutela; ez dute ezberdintzen non idatzi behar den laburdurekin eta non ez. Nire ustez arazoa hor dago.
Aldanondo: Niri Interneten gauzak irakurtzen ditudanean zera gertatzen zait: artikulu bat irakurtzen hasi, jauzi egin beste batera, hainbat lekutatik igaro, eta amaieran, bukatu gabearen sentipenarekin geratzen naiz. Olerki edo ipuin batekin aldiz, amaitzen duzu eta punto.

Sormenari dagokionez, musikaren eta zinearen alorrean esaten da teknologia berriek asko aldatu dutela ekoizpen prozesua. Aldanondo, literaturan nabaritu duzu halakorik?
Aldanondo: Nik beren beregi ez dut inoiz sortu Interneten zintzilikatzeko testurik, baina bai bizi izan dut hausnartzera eraman nauen kasu berezi bat. Klitoriari egindako gutuna saritu zidatenean (bi orrialdeko testua da) adiskide batzuek Interneten zintzilikatzeko baimena eskatu zidaten. Ikaragarria izan zen nola zabaldu zen, inoiz ez zait horrelakorik gertatu. Euskal Herrian euskaraz lan bat plazaratu eta benetan jendeak irakurtzea, ez saltzea, baizik eta benetan irakurtzea, ez da batere erraza. Ziurrenik, gai bera hartu eta kalitate berarekin 100 orrialde idatzi izan banitu, ez litzateke horrelakorik gertatuko, baina orri bat edo bi baditu bai. Uste dut pieza laburragoak idaztera goazela.
Arribillaga: Ikerketa batzuk diote Internet jendearen irakurtzeko modua aldatzen ari dela. Baina ez gauza laburragoak idazteko ohitura dugulako, baizik eta esteken bidez jauzika irakurtzen dugulako. Gainera, testuari ilustrazioak, bideoak, soinuak gehitzeko aukera ere ematen du, nolabait sormenari beste bide batzuk emanez. Eta hartzaileari dagokionez, bada AEBetako ikerketa bat esaten duena hiru eta bost urte bitarteko hainbat ume, oraindik lokarriak lotzen ez zekitenak, gai zirela tableta baten menuetan ibiltzeko. Beste kontu bat da.

Aldanondo, zuk hamar literatur saritik gora jaso dituzu, baina liburu bakarra plazaratu, ‘Galerna’, Augustin Zubikarai nobela laburren saria irabazi zuelako. Zailtasunak aurkitu dituzu? Eta hala bada, Internet izan daiteke bide berri bat?
Aldanondo: Ez da zailtasun kontua. Uste dut euskaraz publikatu nahi duenak ez duela zailtasun handirik lanak plazaratzeko. Nire kasuan, bizi zikloarekin du zerikusia, egoera animikoarekin, idazketa ulertzeko moduarekin, idazlea zer den ulertzeko moduarekin... Horiek guztiak batzen badituzu, azkenean urteak pasa egiten dira. Beharbada oso ohituak egon gara idazletza ofizio bezala ulertzera, eta hori ondo dago, ofizioa den heinean, periodizitate batekin idatzi beharra duenik egon badago. Baina ez da nire kasua izan orain arte. Bizia gailendu zaio profesionaltasun horri. Eta arrazoia aurkitzea oso zaila da, nire barrua oso ondo ezagutu beharko nuke, eta ez da kasua.

Biok zarete publikazio ezberdinetan kolaboratzaile. Nola bizi duzue?
Arribillaga: Nire kasuan, idaztetik aparte hitzaldietara ere zabaltzen da hori. Eta askotan esaten dut: "Honaino! Urteak daramatzat eta nahikoa da". Baina gero konturatzen naiz irakaskuntzaz eta ‘.eus’ egitasmoaz aparte, egunean egoteko modu bakarretakoa dudala. Idazteko asko irakurri behar dut eta horrek eguneratuta egoteko aukera ematen dit. Kolaboratzailea ez banintz, ez nioke aktualitateari hainbeste erreparatuko. Era berean, estutzen nau, baina momentuz ikasten dudanak konpentsatu egiten du estutasun hori. Emateko, lehenengo jaso egin behar baitut.
Aldanondo: Nik uste dut kolaboratzaile den orori estutze hori pasa izan zaiola. Badu denborarekin zerikusia, baina agian gehiago jende aurrean plazaratu beharreko zerbait den heinean, horrek behar duen prestakuntzarekin. Horretaz gain, nire kasuan, izan literatur iruzkinak edo iritzi artikuluak, nik nahi dudan zerbaitetaz idazten dut, eta horrek idazlea ariketa interesgarri bat egitera behartzen du. Norbere barrura begiratu, eta kontatzeko zer daukazun hausnartu behar duzu, eta batzuetan konturatzen zara ez daukazula kontatzeko ezer. Hori errekonozitzea mobida bat da. Gainera, esaten da: "Ez dugu pentsatzen duguna idazten, idazterakoan pentsatzen dugu". Idazten jartzen zaren arte, ez dakizu benetan gai baten inguruan zer pentsatzen duzun. Baina beste aldeari, perfil publikoarenari, ez diot erreparatzen. Jendeak publikatzen dizutena irakurriko du, iritzia emango du zuk idatzitakoari... baina nik ez dut hori bilatzen, ez nau interesatzen. Horregatik, testuak ahalik eta ondoen lantzen ditut eta behin hori daukazunean, hegan egin dezala. Baina hori nire izateko erarekin bat dator. Beste iritziemaile batzun izateko era ikus zenezake, sartu blogetan eta besteekin sesioan aritzen dira. Hori norberak erakartzen du.
Arribillaga: Ni ere perfil berekoa naiz, baina denborak estutzen nauenean, pentsatzen dut: "Norbaitek irakurriko du, ezta?" Hartzen duzun lana hartuta pentsatzea ez duela inork irakurriko...