Irati Jimenezek 'Euskal literaturaren historia sobrenatural bat' ikuskizuna eskainiko du gaur Iruñean
Testamendu Zaharrean sugeak Ebari esandako hitzak abiapuntu hartuz idatzi du Irati Jimenezek bere azken lana, Begiak zabalduko zaizkizue izeneko saiakera literarioa. Euskal literaturaren azterketa sakonaz gain, ariketa literarioa egiteko eta baloratzeko tresnak eskaintzen dituen lan mardula da, narratibazko bere lanen estilo literarioan idatzitakoa.
Urteetako ikerkuntza lana biltzen duen lan hori oinarri hartuta osatu du Euskal literaturaren historia sobrenatural bat izeneko ikuskizuna. Hala azaldu dute emanaldiaren nondik norakoa: "Bideo-lanen eta musikaren laguntzarekin egindako proposamen eszenikoa da, abadeek idatzitako literatura pobre bat kontsideratu izan dena hori baino askoz gauza interesgarriagoa dela frogatzen duena, eta euskal literaturaren ozeano ilunean bidaiatzera gonbidatzen gaituena, gure literaturaren botereaz jabetu gaitezen eta orain arte ezezagunak zitzaizkigun lurraldeak deskubritzerakoan, bere edertasun hordigarriak liluratu gaitzan".
Ekitaldia Karrikiri Elkarteak antolatu du Iruñeko Udalaren laguntzaz, eta arratsaldeko zazpi eta erdietan izango da, dohainik, Kondestable Jauregian.


