Irati Jimenez: "Ez dut sekula ajerik izan"

Irati Jimenez: "Ez dut sekula ajerik izan" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irati-jimenez-quotez-dut-sekula-ajerik-izanquot/@@download/image/64p60-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Jon Odriozola
Agustin Zubikarai nobela laburren lehiaketa irabazi berri du "Bat, bi, Manchester" lanarekin. Amodio ezinezko batez dihardu saritutako nobelak. Oso ahots goxoa du Barakaldon bizi den mundakarrak. 29 urte. Euskadi Irratiko albistegietan egiten du lan. Duela hiruzpalau urte, "Malcolm X" haurrentzako biografia idatzi zuen. Taurus. "Aita (Edorta Jimenez) idazlea da, eta gustatuko litzaidake berak egindako bidea egitea; idazten jarraitzea", dio Iratik.



Arrunt laket dut: Entzutea eta lagunartean egotea; baita irudimenaren munduan norabiderik gabe ibiltzea ere.
Ez dut parean ikusi ere egin nahi: Gauzak oso zorrotz, zehatz eta argi ikusten dituzten pertsonak.

Lasaigarri zait: Liburuak irakurtzea.
Sutan jartzen naute: Eguneroko joan-etorriek.

Gustura irakurri nuen: "Brokeback Mountain" filmaren oinarrian dagoen ipuina. Zoragarria.
Lo seko geratu nintzen irakurriaz: Ez naiz sekula lokartu, ez liburu bat irakurtzen, ez film bat ikusten.

Bertutea: Badakit bestearen lekuan jartzen.
Akatsa: Kritiken oso digestio luzea daukat.

Ametsa: Idaztea. Une oro egiten dut: metroan, etxean…
Amesgaiztoa: Etxeko hipotekaren letrak.

Barre algara eragiten didate: Hainbat gauza absurdok, eta baita gauza serioek ere. Egunean barre asko egiten dut.
Negargura ez dut urruti: Une oro. Negartia naiz oso; zinean...

Urrea: Niretzat oso kuttuna den Julio Cortazar idazleari.
Ikatza: Geure buruari emanez gero, besteen lekuan jartzen ikasiko genuke, eta mundua hobe joango litzateke.

"Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni…": Ate bat jo nuen eta zabaldu egin zitzaidan. Ez dut batere kexarik.
"… ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon": Zorionez, kalabazarik jaso gabea naiz.

"Pobreziari aurre egiteko politika koherenteak behar dira" (Attac): Ez bakarrik koherenteak, agian baita ezinezkoak ere, baina egungoak baino askoz zorrotzagoak.
"Ezin da sistema kapitalista zuzendu, baldin eta putrea ez bazara" (Malcolm X): Bere ideiak oso erakargarriak egiten zaizkit, pentsatzen jartzeko aproposak baitira.

Hatzak zupatzen ditut: Asko disfrutatzen dut jaten. Azkenaldian, Japoniako eta Txinako sukaldaritza oso begiko dut.
Gogoko ez dudan jakia: Urte askotan ez ditut espinakak jasan; hala ere, aspaldi honetan, gustuko ditut.

Dirua ordainduko nuke: Maite ditudanak neurri batetik gora sufritzen ez ikustearren.
Ez nieke xentimorik emango: Dirua barra-barra dutenei.

Festetara joatean, zer hiru gauza ematen dituzu soinean? Nortasun agiria, kreditu-txartela eta etxeko giltzak; zeharo despistatua bainaiz.
Zein da ajeari aurre egiteko botikarik aproposena? Ez dut sekula ajerik izan; burua erdi larri ikusi orduko, balaztari eragiten diot.